Lehiak badu gazitik bezainbat gozotik. Halaxe erakutsi digute joandako asteburuan Donapaleun eta Tolosan jokatutako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saioek. Saioa Alkaizak eta Julio Sotok eskuratu zuten garaipena, hurrenez hurren bi saio horietan, finalaurrekoetarako pase zuzena eskuratuz. Nafar ordezkaritzatik kantuan aritu ziren beste bi bertsolariren uzta, aldiz, ez zen parekoa izan. Sarai Roblesi zein Eneko Lazkozi ihes egin die txapelketak. Xabi Maiarekin batera asteburuak utzi dituenari errepasoa egin diogu Bigarren Solairuan.
Asteburuko saioak, Gotaine-Iribarnen eta Agurainen
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako seigarren eta zazpigarren saioak jokatuko dira asteburu honetan, Gotaine-Irabarnen eta Agurainen. Lehenengo faseko azkena izango da Aguraingoa eta han jakingo dugu zeintzuk izango diren finalaurrekoetako lehenengo itzulian kantatuko duten bertsolariak.
Aurrez, larunbateko saioa jokatuko da Gotaine-Irabarneko Herriko gelan. Gai-emaila lanean Ekhi Erremundegi Beloki ariko da eta bertsolari hauek arituko dira larunbatean kantuan:
- Aitor Etxebarriazarraga Gabiola
- Andoni Rekondo Izagirre
- Ekhiñe Zapiain Arlegi
- Onintza Enbeita Maguregi
- Unai Mendizabal Jauregi
- Xabat Illarregi Marzol
Igandean, berriz, Aguraingo Lezao kirolgunean jokatuko da saioa, 17:00etan. Irati Martinez Izaga izango da gai-jartzailea. Hauek izango dira igandeko protagonistak:
- Agin Laburu Rezola
- Aissa Intxausti Aburruza
- Asier Azpiroz Iztueta
- Gorka Pagonabarraga Agorria
- Irantzu Idoate Funosas
- Nerea Elustondo Plazaola
Orain arte bezala asteburuko bi saioetan hurrengo epaile taldea ariko da lanean: Aitor Jimenez Tolosana, Bakarne Urreaga Etxeberria, Iban Thicoipe, Jon Diaz de Mendibil Sarasti, Mirari Azula Aurrekoetxea, Miriam Juaristi Urizar eta Unai Muniain Caballero.
Sarrerak, eskuragai
Bi saioak 17:00etan hasiko dira; ateak, berriz, 16:00etan irekiko dira. Asteburuko sarrerak oraindik lor daitezke, www.bertsosarrerak.eus atarian. Bestela, saioen egunean bertan leihatila 15:30ean zabalduko da.