Oinarria erraza bezain eraginkorra da: aisialdian euskaraz aritzeko lagun talde batekin biltzea. Horretan datza Mintzapraktika egitasmoa, Emma Agirrezabalaga eta Naiara Urkixo Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko kideek argitu moduan. Iruñeko Udalarekin elkarlanean ekimenak bultzada berri bat jaso du orain Iruñerrian, izan ere, iazko urrian euskarazko elkarrizketa taldeak kudeatu eta dinamizatzeko lankidetza-hitzarmena 2027ko ekainera arte luzatu dute. "Erakundeon ardura zuzena daukagu euskararen sustapenean", azpimarratu du Iruñeko Udaleko Euskara, Hezkuntza eta Parte-hartze zinegotzi Aitziber Kanpionek, "eta horretan Mintzakide egitasmoa oinarrizkoa da, bete-betean egiten du bat Udalak daukan asmo eta helburuekin".
Taldeetan izena emateko epea zabalik dago jada, eta modu desberdinetan egin daiteke. Izan ere, bi motako euskara hizlariak behar dira: batzuk bidelariak dira eta gainontzekoak bidelagunak: "Bidelagunak euskaraz eroso aritzen diren hiztunak dira, eta oso garrantzitsuak dira, adibidez, euskara gutxiago dakiten taldeetan hizkuntzaren erabilera errazteko". Taldeak, izan ere, modu horretan eratzen dira, euskara ondo menderatzen duen pertsona bat eta hizkuntza praktikatu nahi duen lagun talde bat elkartuz, modu boluntarioan eta adostutako maiztasunarekin elkarrizketan aritzeko. "Helburua ez da euskaraz akatsik gabe aritzea, hanka sartzeko espazio seguru bat sortzea baizik".
Mintzapraktika, izan ere, ingurune akademikotik kanpo euskara erabiltzen hasteko edo gehiago erabiltzeko aukera bat da, epairik gabe, ebaluaziorik gabe, testuinguru eroso eta atsegin batean. "Jende berria ezagutzeko aukera bat da, harremanak euskaratik eta euskaraz eraikitzeko, gure ikuspegia zabaltzeko, komunitate handi baten parte izateko. Euskarari ematen diogun aukera bat da, ezin izan dugulako nahi beste hitz egin, gure buruari mugak jarri dizkiogulako, lotsa edo beldurra sentitu dugulako. Eta, zergatik ez, gure buruari ematen diogun aukera bat da".
Egitasmoaren edizio berriak dakarren nobedade nagusietako bat Mintzapraktika sarean egiteko aukera zabaldu izana da. "Horrela, bere herrian Mintzapraktika talderik ez duenak, aurrez aurre bertaratzeko zailtasunak dituenak edo atzerrian bizi den euskaltzaleak aukera izango du bere taldea sarean osatzeko, eta, nahi duenean, aurrez aurreko ekintzetara bertaratzeko", azaldu du Agirrezabalagak. Mintzapraktika talde batean izena eman nahi duen orok bere herriko euskara elkartean informazioa eskatu dezake edo sarean izena eman dezake ondorengo loturaren bitartez: https://mintzapraktika.taupamugimendua.eus/mintzapraktika-izena-ematea/.
Erronka, erabileran eragitea
Ekainaren 13an Iruñean ospatu zen Euskaltzaleon Martxan iragarri zuen Taupak, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten gainerako bazkideekin batera, euskalduntzearen erritmoa bikoizteko erronka: datozen 10 urteetan, urtean 15.000 herritar baino, 30.000 euskalduntzea, euskararen erabilera % 15,3tik % 20ra pasatzea, Euskal Herriko hiru administrazioek hizkuntza politiketara bideratutako aurrekontua batez besteko % 0,45etik % 2ra igotzea eta euskara bere lurralde osoan ofiziala izatea, alegia. "Taupak bere jarduna erabileraren sustapenean kokatzen du bereziki, eta hori % 20ra igotzeko erronkari gogotsu heldu dio. Horretarako, Mintzapraktika egitasmoa gakoa da; izan ere, hiztunak ahalduntzen ditu, euskara eremu mugatu batetik bere bizitzako esparru guztietara hedatzeko, segurtasuna emanez eta bere erronka pertsonaletik haratago, erronka kolektibo bati ekarpena egiteko aukera eskainiz".