1931ko maiatzaren 27an, Pasaiako arrantzaleen kontra oldartu eta zazpi lagun hil zituen Guardia Zibilak Donostiako Ategorrietan, gehienak galiziarrak. Gogorra bezain ezezaguna den gertakari hau hizpide, ARGIAk Ategorrietan Fisterra komikia argitaratu du, Pasaiako Udalaren babesarekin, sarraskiaren 95. urteurrenean. Ilustrazioak Malen Gainzarainek egin ditu eta gidoiaz Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Markel Ormazabal arduratu dira. Autoreek komikigintzan egiten duten lehen lana da.
210 orriko lan mardula da eta biniloa ere kaleratu dute egileek, bi kantu berrirekin, Gailu, Nakar, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Bala taldek sortutakoak. Koldo Izagirrek hitzaurrea eta amaierako poema idatzi ditu, eta komikiko elkarrizketen idazketa aholkulari izan da. Komikiak iruditik bezainbat du nobelatik, baina hortik harago doan artefaktua da, dokumentazio lan handia egin baitute egileek, eta Ategorrietan eraildako José Novo galiziarraren senideei egindako elkarrizketa bezalako testigantzek, mapa kronologikoek, argazkiek, Beñat Gaztelumendiren koplek eta pertsonaia ezagunen inguruko pasarteek osatzen eta aberasten dute liburua.
Ategorrietan Fisterra gaur aurkeztuko dute egileek Iruñean. Katakraken izanen da hitzordua, arratsaldeko 19:00etan.