Entzutekoak

Nork zaintzen du zaintzailea?

Euskalerria Irratia

Navarrabiomed mugaz haraindiko proiektu batean parte hartzen ari da, Adimen Artifiziala zaintzaileak artatzeko erabiliko duena: T·IA·KI. Lapurdiko ESTIA fundazioarekin elkarlanean garatuko den plataforma honek baliabide askotarikoak eskainiko dizkie zaintza lanetan jarduten dutenei, eta euren arteko sarea indartzeko ere balioko du

Azken urteotan zaintzaren kontzeptua denon ahotan ibili da. Bazterretik erdigunera ekartzeko saiakera egin da, nahiz eta ez gauden ziur, oraindik ere, guztiz erdiguneratzea lortu denik gaurdaino. Zaintza kontzeptua oso zabala da eta gure egunerokoa uste duguna baino gehiago zeharkatzen du; baina oinarrizko bertsiora jotzen badugu, zaintza lana pertsona batek behar bat duen beste pertsona bat zaintzea izan daiteke. Nafarroan 13.000 pertsona inguruk egiten dute lan profesionalki gizarte-zerbitzuen eta zaintzaren sektorean. Horietatik guztietatik, 5.500 inguru egoitzetan eta desgaitasuna duten pertsonen zentroetan aritzen dira zehazki.

Lanbideko langile horiez gain, profesionalak ez diren zaintzaileak daude, senideak izan ohi direnak. Hala, kotizatzen duten zaintzaile ez-profesionalen artean, Gizarte Segurantzaren hitzarmen bereziari atxikitako 1.436 familiako zaintzaile daude izena emanda. Kalkuluen arabera, alta, milaka senidek ematen dute ordaindu gabeko zaintza Nafarroako etxeetan. Hauek dira Foru Komunitatean mendekotasun-aitortza duten 17.000 pertsona baino gehiagoren laguntza-sare nagusia. Eta datu nabarmenetako bat: mendekotasuna duten senideak etxean zaintzeagatik Gizarte Segurantzaren hitzarmen berezian izena emanda daudenen artean, % 87 emakumeak dira.

Argi dago zaintzaileek nor zaintzen duten, baina nork zaintzen ditu zaintzaileak? Galdera horri erantzuna eman nahi dio, hain zuzen ere, Navarrabiomedek eta Lapurdiko ESTIA fundazioak elkarlanean garatu duten proiektu batek: T·IA·KI  du izena eta Adimen Artifiziala erabiliz zaintzaileak artatu nahi ditu. Sonia Aizpuru proiektuko komunikazio arduradunarekin eta ESTIAKO Cinthia Lamotherekin mintzatu gara Guardasola saioan proiektu interesgarri bezain beharrezko honen bueltan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!