“Pozez eta indarrez” hartu du Uxue Barkosek Nafarroako politikagintzaren lehen lerrorako itzulera, hori bai argituta ez dela Madrilera joana baizik eta Nafarroa Madrilen defendatzen izan dela, “senatuan PPren gehiengo absolutoak markatutako legegintzaldi zailean”. Inkestek diotenaren kontra, Geroa Bai indartsu ikusten du, aitortuta hala ere foro exekutiboko bigarren indarra izateak askotan kaltetu dituela. “Geroa Baik ezinbesteko lana egin du gobernu barruan PSNri ezetz esaten askotan “ azaldu du Euskalerria Irratian Barkosek, “Belaten adibidez, administratiboki lan txarra egin dute sozialistek eta gobernuaren esku egon denean, ezetz esan diegu horrela jarraitzeari”. Desadostasunak handiak izan dira, adierazi du Geroa Baiko senatariak, baina elkarlana beharrezkotzat ikusten du: “Hezkuntzan eta euskara arloan ezberdintasun handiak ditugu PSNrekin, eztabaida sutsuak izan ditugu baina horrek ez du esan nahi ezin denik aurrera jarraitu”. Hala ere, 2027ko maiatzeko hauteskundeetan, gobernu aurrerakoiaren buru izateko adina indar izatea espero du Uxue Barkosek.