"Ez ezazu inoiz zalantzan jarri herritar konprometituen talde txiki batek mundua alda dezakeela. Izan ere, horixe da mundua inoiz aldatu duen gauza bakarra". Halaxe zioen Margaret Mead antropologoak, et mundua aldatzeko asmoarekin bildu dira Pitillasen, hain zuzen ere, Iraultza Txikien Akanpadako kideak gaur, ekimenaren IV. edizioan. Euskal Herriko herri mugimenduen topagune honek indarrak eta gogoetak komunean jartzea du helburu, hainbat arlotako aktibistak bilduz.
Igandera arte luzatuko da kanpaldia, eta Bardeetara eginen den martxa batekin bukatuko da. Izan ere, 70 urte baino gehiago dira Bardeetako tiro poligonoa ezarri zela bertan, behin eta berriz horren aurka agertu diren herritarren iritziaren kontra. Itziar Moreno ekimeneko kideak gogoratu bezala, 2008an berritu zen azkenekoz poligonoaren erabilera kontratua hurrengo 20 urteetarako. Beraz 2028an iraungiko da: “Ituna berriztatu nahi dutela argi dago, eta azken garaietan Bardenas Libres eta bertako gainontzeko eragileak saiatzen ari dira hori geldiarazten. Beraz, Euskal Herriko gainontzeko eragileek borroka horrekin bat eginen dugu, borroka horri ikusgarritasuna emateko. Bardeak sinbolo hutsa baino gehiago direla uste dugu, bertan trebatzen direlako gaur egun ikusten dugun gerra oldarraldi honetan, gerretan erabiltzen dituzten lehergailu eta egazkinak”.
Nagusia bai, baina Bardeetako martxa ez da ekitaldi bakarra izango. Gaurtik igandera bitartean, izan ere, egitarau zabala egonen da. Hitzaldiak, tailerrak eta mahainguruak prestatu dira egungo gizartea zeharkatzen duten gaien bueltan hausnartzeko, tartean inperialismoa, transfobia, etxebizitza edo klima aldaketa; Brigitte Vasallo eta Pepe Ambrona bezalako puntako hizlariekin. Kontzertuak, emanaldiak eta herri bazkaria ere egonen dira. Egitarauaren inguruko informazio eta xehetasun guztiak Iraultza Txikien Akanpadaren sare sozialetan aurkitu daitezke.