Elizondoko Benito Menni Osasun Mentaleko Zentroko langileek 300 egun bete dituzte greban 2024ko abenduan lan baldintzak hobetzeko eta erabiltzaileei kalitatezko arreta eskaintzeko helburuarekin hasitako lan gatazkan. Nafarroako Gobernuaren funtsekin finantzatutako zerbitzu publiko itundua da. 2025ean hiru aldiz bildu ziren langileen ordezkariak Nafarroako Gobernuarekin egoeraren berri emateko eta gatazka honetan duen erantzukizunaz zuzenean interpelatzeko. Euskalerria Irratian ELA sindikatuko Benito Menni zentroko ordezkari Eva Arrietarekin hitz egin dute (argazkian klik eginda elkarrizketa entzun daiteke):
Nola eusten al zaio 300 eguneko greba bati?
Barren barreneko konbentzimentutik, gure eskaerak bidezkoak direla jakinda. Egoera oso prekarioan gaude eta duintasuna lortu nahi dugu. Zaintza kalitatezkoa izan dadin. Aldarrikapen horiek onak direla sinesturik.
Babes handia sentitzen ari zarete erabiltzaileen aldetik eta haien gertuko eta senideengandik
Gatazka 2024ko abenduan hasi zen. Lehen egunetatik jarri ginen harremanetan erabiltzaile eta senideekin eta bidelagun izan ditugu.
Nafarroako Gobernuak zergatik ez du duintzen zuen egoera, ze itundutako zentroa izanda badu erantzukizunik eta hitzarmena duen beste egoitzekin desberdin jokatzen ari da.
Hasierako mezua izan zen ezjakintasunetik. Ez omen zekiten zein egoeratan zeuden Benito Menniko langileak. Aitzakia bat. Ondoren, jakinarazi eta gero Gobernuak ez du deus egin aldatzeko. Dirua dago horren guztiaren atzean. Lan baldintzak hobetzeko dirua behar da eta erabiltzaileentzako zerbitzua hobetzeko ere ratioak igo beharko lirateke eta horrek ere dirua behar du. Nafarroako Gobernuak izenburu politak botatzen ditu ospitale berriak ireki dituela esanez, baina benetan beharrezkoak diren baliabideak ez ditu jartzen.
Langileen egoera duintzeaz ari zarete. Zer behar duzue horretarako?
Zerbitzu berdinak ematen dituzten beste langileekin parekatzea gure lan baldintzak. Badaude beste zentro batzuk itunduta Nafarroako Gobernuarekin eta alderaketa eginda aldea nabarmena da. 23.000tik gora kobratzen du erizain-laguntzaile batek eta Benito Menniko langile batek 18.180 euro gordin. 5.000 eurotik gorako aldea dator. Ez gatoz bat horrekin. Lanaldiari begira ere beste zentroetan 200 lanordu gutxiago egiten dituzte, gu 1.692 ordu egiten ditugu eta kontuan hartu astelehenetik igandera aritzen garela goiz, arratsalde eta gau erabiltzaileek egunero behar dutelako arreta izan. Gure bizi pertsonala eta lanekoa uztartzea oso zaila da.