Entzutekoak

Larunbatean abiatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Hazparnen, eta datorren astean iritsiko da Altsasura

Euskalerria Irratia

47 bertsolari lehiatuko dira denetara, horietatik zortzi Nafarroakoak: Eki Mateorena, Ekhiñe Zapiain, Eneko Lazkoz, Xabat eta Joanes Illarregi, Sarai Robles, Saioa Alkaiza eta Julio Soto. 

Lau urtez behin gertatzen da, eta hastear da. Asteburu honean abiatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Hastear da beraz lurrikara, gure herriko bazter guztietara iritsiko den bertso sumendia. Larunbatean Hazparne izanen du lehenengo agertoki, eta hortik Altsasura eginen du jauzi datorren astean. Saioa Oneka, Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak nabarmendu bezala, bertsoaren ekosistema osoa bilduko duen gertakaria izanen da txapelketa: “Izan bertsozaleak, gai-jartzaileak, epaileak, antolatzaileak, bertsolariak… Eztanda egiten duen espazio bat da, eta elkartzeko espazio bat den bezala sustatzekoa ere bada. Balio dezala ere, txapelketa ez dagoen bitartean antolatzaile txikiek eta eragileei, bertso eskolei, haize pixka bat emateko”.  

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa hiru fasetan banatuko da. Lehenengo fasean zazpi saio jokatuko dira, bana Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Herrialdeetako txapelketetatik sailkatutako 42 bertsolari arituko dira, eta horietatik 17 igaroko dira finalaurrekoetara; bertan, haiekin batera, 2022ko zazpi finalistak lehiatuko dira bi itzulitan. Finalean, berriz, 2022ko txapelduna eta finalaurrekoetatik sailkatutako zazpi bertsolariak arituko dira. Izen handien handien ondoan, txapelketan lehenengoz arituko direnenak ere agertuko dira, bertsogintzaren osasun onaren erakusgarri: "Lau urte pasa dira azken Euskal Herriko Txapelketatik, eta lau urte hauetan bertsolaritzaren ekosistema handitu eta aldatu egin da. Guzti hori txapelketan bertan islatzen da, noski". 

Nafarroak bi ordezkari gehiago izango ditu txapelketaren edizio honetan, hain zuzen ere Nafarroako txapelketako finalean aritu ziren zortzi bertsolariak: Eki Mateorena, Ekinhe Zapiain, Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Julio Soto eta Illarregi anaiak, Xabat eta Joanes. Mateorena izanen da debutatzen lehena, larunbat honetan bertan Hazparnen. Saio honetarako zein datozenerako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude bertsosarrerak.eus webgunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!