Entzutekoak

Pumpk! jaialdiak fanzineak eta autoedizioa lehen lerrora ekarriko ditu irailaren 18an eta 19an

Euskalerria Irratia

Bueltan da Pumpk! jaialdia, ohiko argitalpen zirkuituetatik ateratzen den sorkuntza editoriala erdigunera ekarriko duen autoedizio jaialdia. Zazpi urteko etenaldiaren ondotik bere bosgarren edizioa Iruñeko Ziudadelan eginen da. Azoka, mahai-inguruak, tailerrak eta soinu emanaldiek osatuko dute egitaraua

Zazpi urte joan dira azken edizioa egin zeneti, baina bukatu da itxaronaldia. Sorburua Jazar eraikinean izan zuen Pumpk! autoedizio jaialdiaren bosgarren edizioa datorren asteburuan, irailaren 18an eta 19an eginen da Iruñeko Ziudadelan. Ostiral arratsaldean irekiko dira azokako ateak, 50 sortzaile baino gehiago bilduko dituena, Mikel Irure antolakuntza taldeko kideak argitu moduan. Hortik aurrera, hainbat mahai-inguru eta emanaldik osatuko dute egitaraua, larunbat iluntzera arte luzatuko dena. Marginetatik sortzen duten egileei leku bat eskaintzeaz gain, topaleku izateko asmoarekin sortu zen jaialdia, eta horretan dirau egundaino. 

Autoedizioa, argitalpen independenteak, fanzineak edo, orokorrean, kultura alternatiboa maite dutenek azpimarratzeko hitzordua daukate, beraz, datorren asteburuan Iruñean. Ziudadelako Armen Aretoan irekiko da autoedizio azoka, eta Iturramara bidean doan tunelaren alboetan zabaltzen diren poternetan eginen dira mahai-inguru eta soinu ekintzak. Larunbatean, 15:00etan, zuzeneko podcast bat ere emanen da Armen Aretoan, B-analizar fanzines izenburupean. Egile andana bilduko ditu aurtengo edizioak, besteak beste ostiral arratsaldean euskaraz eginen den Landa grafikoaren kimuak mahai-inguruan bilduko diren Maite Mutuberria, Inés Alba eta Garazi Inziarte. 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!