Irrintzi Dorrea irratiaren egoitza soila bakarrik ez, eta gotorleku izan du Euskalerria Irratiak azken hamarkadatan. Bertan profesionalizatu zen Iruñerriko euskal komunitatearen ahots eta elkargune bilakatu dena, baina iritsi da jauzi egiteko tenorea. Marginetatik erdigunera izanen da jauzi hori, Alde Zaharreko Kale Nagusira hain zuzen ere. Alta, ezin ginen nolanahi joan, atea itxi eta atzera begiratu gabe. Irrintzi Dorretik emititutako azken saioan, gurean izan genituen proiektuaren bihotz eta buru izandakoak, hainbat eta hainbat lankide, kolaboratzaile eta lagunen ahotsekin lagunduta.
Mikel Bujandak gogoratu bezala, proiektua ez zen sekula aurrera aterako inguruan izandako komunitatearen babesik gabe, eta aurrera emanen den jauzi honetan ere hala izaten jarraitzen du. Lekualdatzeak eskatzen duen isilunearen ondotik, inoiz baino sendoago itzuliko da Euskalerria Irratia, Iruñerriko euskal komunitatearen irratia uhinetara, denon laguntza ezinbestekoarekin.