Entzutekoak

Gaizka Uharte: “Artzain-txakurren txapelketatik abiatuta, artzaintzaren inguruko jai zabalagoa bihurtu da”

Euskalerria Irratia 2026ko abuztuaren 12a

Abuztuaren 30ean Artzai Egunaren 58. edizioa ospatuko dute Uharte Arakilen. Artzaintzaren inguruko tradizioak, ardi latxak eta lehen sektorearen lana eguneko protagonistak izango dira

Abuztuaren 30ean Uharte Arakil artzaintzaren eta ardi latxaren erakusleiho bihurtuko da beste behin, Artzai Egunaren 58. edizioarekin. 1968an egin zen lehen aldiz, eta ordutik urtero ospatu da, hasierako artzai-txakurren txapelketari beste hainbat jarduera gehituz.

Gaur egun, egunaren egitarauak artzaintzarekin lotutako hainbat erakustaldi eta txapelketa biltzen ditu: artzai-txakurren txapelketa, gazta erakusketa eta dastaketa, ardi latxaren lehiaketa edo artilearen lanketa eta ile-mozketa, besteak beste. Gaizka Uharte batzordeko kidearen hitzetan, “artzaintzaren inguruan dagoenak leku izatea” da egunaren helburuetako bat.

Artzaintza aldatu egin da azken hamarkadetan, baina oraindik bizirik dagoela nabarmendu du Uhartek. Gaur egun artzain gutxiago dauden arren, lanbidearen aldeko apustua egiten duen jendea badago, eta ekoizpen moduak ere aldatu dira, esneaz gain gazta eta bestelako produktuak ekoitziz.

Egunak, gainera, ardi latxaren eta artzai-txakurren aldeko aldarria ere egingo du. Uhartek azaldu duenez, bertako mendietara egokitutako ardia da ardi latxa, eta horrek “balore erantsia” ematen dio hemengo artzaintzari. Tradizioak erakusteaz gain, gaur egun gero eta zailagoa den bizimodu bat ezagutzeko aukera ere eskainiko du Artzai Egunak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!