Entzutekoak

Leire Lafuente: "Maskulinitate tradizionalak Lehen Hezkuntzatik zalantzan jartzea funtsezkoa da"

Euskalerria Irratia 2026ko abuztuaren 6a

Leire Lafuente Duquek pedagogia feministaren eta maskulinitate subjektiboen inguruko Gradu Amaierako Lana aurkeztu du. Ikerketan, Lehen Hezkuntzan maskulinitateak modu kritikoan lantzeko beharra aztertu eta horretarako hezkuntza-proposamen propio bat diseinatu du

Eskolak ez dira eduki akademikoak transmititzeko espazio hutsak. Bertan, haurrek nor diren eta gizarteak haiengandik zer espero duen ere ikasten dute. Ideia horretatik abiatu da Leire Lafuente Duqueren Gradu Amaierako Lana, “Hezkidetzatik haratago: pedagogia feminista eta maskulinitate subjektiboak hezkuntza-proposamenetan” izenekoa. Berak Lehen Hezkuntzako Gradua eta Hezkuntza afektibo-sexualen titulua eskuratu du.

Praktikaldian ikasgelan ikusitako egoerek bultzatu zuten ikerketa egitera. "Galdera bat etorri zitzaidan burura: ea hezkuntzak maskulinitate tradizionalak eraldatzen edo erreproduzitzen dituen". Lanaren bidez, pedagogia feministaren ikuspegitik gaur egun dauden bi hezkuntza-proposamen aztertu ditu. Ondorioztatu du hezkidetzan aurrerapauso handiak eman diren arren, mutilen sozializazioa eta maskulinitateen lanketa oraindik gutxi jorratzen direla.

Horri erantzuteko, “Patiotik mundura” izeneko Lehen Hezkuntzarako esku-hartze didaktikoa diseinatu du.
Lafuenteren ustez, prebentzioa txikitatik hasi behar da. "Maskulinitateak modu kritiko, kolektibo eta eraldatzailean landu daitezke Lehen Hezkuntzatik", nabarmendu du. Bere esanetan, hezkuntzak gizarte berdinzaleago eta baketsuago bat eraikitzeko tresna baliotsua izan dezake.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!