"Zentzugabea da A12 autobidean Zizur Nagusia zeharkatzen ari direla 120 edo 100 kilometro orduko abiadura hartzea. Errepide horretako, gune horretako nolakotasunak aintzat hartu behar dira eta ingurura egokitu neurriak ibilgailuek har dezaketen gehienezko martxa ongi zehaztuta. Seinalizazioa aztertu egin behar da eta radarraz gainera bestelako aldaketak ezarri bidea ahalik eta seguruena izan dadin", azaldu du Ales Mimentza Zizur Nagusiko udal zinegotziak. Zeresana ematen ari da ekainean A12 autobide horretan, justu Zizur Nagusia alderik alde zeharkatzen duen eremuan ezarri duten radarrak. Azkenaldian auto askori atera die argazkia eta kexu dira ez dagoelako argi zein den bide horretan eta tarte horretan gehienez zenbat kilometro orduko abiadura har daitekeen: "Lasaigarria izan daitekeen mezua helarazi nahi diegu herritarrei. Izan ere, proba fasean dago oraingoz radarra. Nafarroako Gobernuari eskatu diogu berrikusi dezala eta kontuan har dezala bestelako seinaleztapenak egokitu behar direla", jakinarazi du. Ales Mimentza zinegotziari elkarrizketa egin diote Euskalerria Irratian. Argazkian klik eginda entzun daiteke.