Dantzaleku izeneko parajearen inguruan zundaketa lanak egiten hasiak zirela ia "kasualitatez" enteratu ziren Altsasuko bizilagunak. Bertatik paseoan zebiltzala poliziaren presentzia sumatu zuten eta lehen susmoak piztu zituzten. Zundaketa lan horietara gerturatzerik ez zutela ikusi zutenean jabetu ziren larritasunaz: "Herrian manifestazioa abiatu genuen lan horietara gerturatu nahian, baina ezinezkoa izan da. Polizia asko izan da inguruan sarrera oztopatzen", azaldu du Jon Kepa Bengoetxea AHT Zundaketak Stop plataformako kideak. Lan horiek "larriak" direla uste dute, horiek baitira gero etor daitekeen Abiadura Handiko Trenaren azpiegituraren abiapuntua: "120 metroko zulaketak direla jakin dugu. Lurraren nolakotasuna ezagutu beharra dago azpiegitura egitea ahalbidetzen duen edo ez jakiteko", kontatu du Euskalerria Irratiko elkarrizketan Bengoetxeak.
Lau egunez aritu dira herritarrekin biltzen eta euren ezinegona eta kontrakotasuna adierazten zenbait protestaren bidez: "Argi geratu da Sakanako udalen gehiengo handi batek ez duela azpiegiturarik nahi eta herritarrek ere ez dutela halakoen beharrik", gaineratu du Bengoetxeak. Bizilagunei adi egoteko deia egin diete badakitelako lan horiek ez direla bakarrak eta azkenak izanen: "Aurretik ere egin dituzte Sakanako beste herri batzuetan eta hauek ez direla bakarrak izanen uste dugu". Jon Kepa Bengoetxeari egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.