LAB sindikatuak jakinarazi du martxoan egindako grebaren harira isunak eta zigorrak jasotzen ari direla zenbait parte hartzaile Sakanan egindako "portesta baketsu" baten ondorioz: "5.000 euro arteko isunak eta zenbait parte hartzaileri gidabaimeneko puntuak ere kendu dizkiete", adierazi du Gaizka Uharte Mendialdeko LAB sindikatuko arduradunak. Martxoaren 27an Euskal Herri mailako greba eguna izan zen. Euskal sindikatuek dei egin zuten gutxieneko soldata propioa galdegiteko eta tartean Sakanan Barraskilo Operazioa deituriko ekintza gauzatu zuten: "Iruñeko manifestaziora bidean Sakanako autobidetik 60 kilometro orduko abiaduran joateko proposatu zitzaien grebalariei horrela ikusgarri eginen zelakoan protesta", azaldu du Uhartek. Orain, ordea, Foruzaingoaren eta Nafarroako Gobernuaren bidez parte hartzaile zenbaiti isunak eta gidabaimeneko puntuak galtzea iristen ari zaizkiela salatzen ari da sindikatu abertzalea: "Hamalau laguni 500 euroko isunak iritsi zaizkie eta zenbait gidariri puntuak kentzea", esan du.
"Ulertezina" da grebarako eskubidea ez bermatzea LAB sindikatuaren ustez: "Greban ari ginenon kontrako isun eta zigor neurrigabeak iristen diren bitartean, oraindik ez dakigu deus zenbait enpresatan langileei jarri zitzaizkien oztopo eta mehatxuen inguruan. Greban parte hartu nahi zuten zenbait kidek ezin izan zuten halakorik egin. Oraindik Nafarroako Gobernuak ez du deus esan horren inguruan eta albistegietan ere ez da gai hori aipatu ere egiten. Asko dira halako egoerak", salatu du Uhartek. Isun eta zigor horiei modu kolektiboan egin nahi diete aurre eta horretarako irailean elkartasunerako deia eginen dute kanpaina martxan jarrita. Gaizka Uharteri Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa osorik entzun daiteke argazkian klik eginda.