Entzutekoak

Ane Zuazubiskar: "Bertsolaritzarekin lotutako ametsak nituen, baina ez nuen espero nire poemek liburu forma hartuko zutenik"

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 24a

Iruña Hiria poesia sariaren euskarazko modalitatea irabazi du Ane Zuazubiskarrek. Ahoz gora irakurtzeko sortutako poemek bere belaunaldiaren bizipenak eta eguneroko sentipenak jorratzen dituzte

Ane Zuazubiskar Iñarra kazetari eta bertsolariak "Tigre bat azalean" poema bildumarekin aurtengo Iruña Hiria poesia saria irabazi du. Nafarroako Ateneotik jaso zuen albistea ezustean hartu zuela aitortu du: "Ez nuen inoiz pentsatu idatzitako honek liburu forma hartuko zuenik".

Saritutako lana urteotan idatzitako poemek osatzen dute. Batzuk aspaldikoak dira, beste batzuk berriki sortuak, eta gehienak ahoz gora irakurtzeko idatzi zituen. Egilearen hitzetan, bere belaunaldiak bizi duen uneaz eta bere bizipen eta testuinguruaz hitz egiten dute poemek.

Zuazubiskarrek azaldu du bertsolaritzak eta poesiak hitza partekatzen duten arren, sormen prozesua oso ezberdina dela. Bertsoa berehalakotasunari eta taldeari lotuta dagoela dio; idazketak, aldiz, beste erritmo eta askatasun bat eskaintzen dio.

Orain, sariari esker, poema bilduma liburu bihurtuko da. Egileak aitortu du prozesu berria dela beretzat, ez duela espektatiba handirik baina ilusio handia egiten diola jendeak bere poemak irakurri ahal izateak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!