Erriberriko Antzerki Jaialdia abian da dagoeneko. Antzerkia, dantza, zirkua, clowna, magia, musika eta performacea uztartuko dira egitaraua osatzen duten 31 emanalditan. Euskarazko antzerkigintzak ere izanen du bere lekua, noiz eta gaur bertan, La Cavako eszenatokian gaueko 22:00etan, Dejabu konpainiaren eskutik eszenaratuko den Itzulera antzezlanarekin, ikusleen begibistan eraikitzen den road movie lotsagabe eta psikodelikoa. Antzerki konpainia bateko hiru kidek, Ainarak, Urkok eta Mirenek, Mexikora egiten duten bidaia kontatzen du erritmo biziko komedia existentzial honek.
Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala, Urko Redondo eta David Aguilar egonen dira eszenatoki gainean, eta Gurrutxagak berak idatzi du gidoia ere. Haren aburuz, geruza eta osagai asko dituen antzezlan bat da, autofikziotik ere edaten duena "norberaren mixeriez, antzerkigintzaren prekarietateaz, kulturaren munduaz eta ofizioaz" hitz egiteko. "Gure zaurgarritasuna agerian jartzen dugu, umorez, eta hori jendeari iristen zaio". 2026ko Donostia antzerki sariaren irabazle izandako obrak musika, ikus-entzunezkoak eta antzerkigintza uztartzen ditu, surrealismotik eta psikodeliatik ere baduen kontakizun bat osatzeko.