Basaburun sortutako BasaBIOtza proiektuaren atzean familia bat dago: Laura Martinena, Xabier Azpiroz eta Garazi Azpiroz. Gaztainondoak eta hurritzak landatu eta berreskuratuz, bertako fruituekin kremak eta pateak ekoizten dituzte. Hala ere, Martinenak azaldu du produktuak proiektuari eusteko tresna direla, eta benetako helburua lurraldearen erabilera dibertsifikatzea eta gaztainediei berriro balioa ematea dela.
Proiektuak ekoizpen ekologikoaren alde egiten du, esku-hartze txikiarekin eta bertako barietateak lehenetsiz. Gainera, zirkuitu laburren bidez saltzen dituzte produktuak, ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko harreman zuzena sustatuz.
Etorkizunari begira, landa eremuan bizi eta lan egin nahi duten gazteentzat aukerak badaudela uste dute. Horretarako, dibertsifikazioa, tokiko ekoizpena eta elikagaien eraldaketa ezinbesteko tresnak direla nabarmendu du Martinenak, Nafarroako gaztainediak berreskuratu eta lurraldeari erabilera berriak emateko.