1.000. alea argitaratu du ‘Guaixe’ Sakanako astekariak, bi hamarkada baino gehiagoko ibilbideari mugarri berezia gehituz. Eneida Carreño Guaixe irratiko ahotsak azaldu duenez, mugarri hau poz eta harrotasunez bizi dute baina, batez ere, urte hauetan guztietan proiektua babestu duten herritar, bazkide eta lankide guztiekin partekatu nahi dute. Nabarmendu du Guaixeren helburua bere horretan mantentzen dela: Sakanan gertatzen dena bertatik eta euskaraz kontatzen jarraitzea.
Tokiko hedabide gisa, gertutasunak herrietako albisteak beste modu batean kontatzeko aukera ematen diela nabarmendu du eta tokiko merkataritza, elkarte eta herritarrentzat leiho izaten jarraitzea dutela xede. Etorkizunari begira, paperezko astekariaren aldeko apustua mantenduko dute, "albiste bat lasai eta patxadaz irakurtzeko aukera ematen duelako". Baina, aldi berean, gazteengana iristeko bide digitalak indartzen jarraituko dute.