Entzutekoak

Xabier Irujo: "Las Potxolas jatetxeak euskal sukaldaritza, gurea, mundu mailara eraman zuen"

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 22a

Sarasate pasealekuak bere egoitza zuen Las Potxolas jatetxe mitikoaren inguruko liburua idatzi du Irujok, Alex Mujikarekin batera. Bederatzi ahizpak kudeatzen zuten negozioaren historia bakarrik ez, eta bertako errezeta ospetsuenetako batzuk ere berreskuratu dituzte Altaffaylla argitaletxeak plazaratu duen 'Las Potxolas. Memoria, género y cocina' liburuan

Bederatzi ahizpa ziren. Umezurtz geratu ziren haietako bi baino ez zirenean adin nagusikoak. Amaren azken hitzak bazekiten hizkuntza bakarrean izan ziren euskaraz, eta mezua argia izan zen: jarraitu ezazue elkarrekin bizitzen, jarraitu erabakitasunez lan egiten. Hiru urte baino gutxiagoan familiaren ostatua Europako jatetxerik ospetsuenetako bat bihurtu zuten: Las Potxolas jatetxea, Sarasate pasealekuan finkatu zena Komedias kalean egon ondotik. Ahalegin haren fruitua bildu dute Xabier Irujok eta Alex Mujicak Las Potxolas. Memoria, genero y cocina liburuan. 

Jatetxe hartako mahaietan garaian garaiko politika eta gizarteko pertsonaia ezagunenak eseri izan ziren: Mola eta Sanjurjo generaletatik hasita, Hollywoodeko izar Ava Garnerrekin pasatu eta Maradona kirolarira arte, hamaika izan ziren Iruñeko jatetxe ospetsutik igaro zirenak. Bederatzi ahizpek argi zuten, berdin tratatuko zituzten denak, ahaztu gabe zeini egiten zieten euren ekarpena. Gerra garaian Ezkabako presoei janaria helarazteko sare bat sortu zuten, adibidez, eta euren jatetxean gizarteak baztertzen zituen emakumezkoei lana eman zieten: 

Altaffaylla argitaletxeak plazaratu duen liburuan, Alex Mugika sukaldariak Las Potxolasen 30 errezeta berreskuratu ditu, Irujoren arabera “arkeologia kulinarioa” izan den ariketa batean, izan ere, ahizpek ez zituzten sekula euren plateren errezetak idatzi. Laster aterako da liburuaren bigarren edizio zabaldua, liburua argitaratu dutenetik jaso dituzten testigantza berriekin osatua. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!