Azken asteetako bero-boladen eta tenperatura altuen harira, Peio Oria meteorologoarekin hitz egin dugu eguraldiaren bilakaeraz eta klima-aldaketaren ondorioez. Haren esanetan, datozen egunetan tenperaturak zertxobait jaitsiko dira baina ez da aldaketa nabarmenik espero, eta litekeena da uztailaren amaieran eta abuztuan ere tenperatura altuak mantentzea.
Oriak azaldu duenez, klima-aldaketak ez ditu bero-boladak zuzenean sortzen baina bai maizago, luzeago eta biziago bihurtzen ditu. Azken hamarkadetan Nafarroako eta penintsulako batez besteko tenperatura ia bi gradu igo da, eta gero eta ohikoagoak dira gau tropikalak eta muturreko bero-gertakariak.
Meteorologoaren ustez, klima-aldaketaren ondorioak dagoeneko nabariak dira: lehorteak, baso-suteak eta muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta ugariagoak dira. Horren aurrean, prebentzioa eta egokitzapena ezinbestekoak direla azpimarratu du, hirietan itzal eta berdegune gehiago sortuz, basoak hobeto kudeatuz eta herritarrak beroari aurre egiteko neurriak hartzera bultzatuz.