Uztailaren 6an iritsi ziren gurera 101 haur saharar ANAS Gobernuz Kanpoko Erakundearen Oporrak Bakean izeneko programaren bidez. Nafarroako Parlamentuan harrera egin diete: "Giza-larrialdia bizi dute Saharako kanpalekuetan eta gu beti egonen gara haiei laguntza emateko moduan", esan du parlamentuko presidente Unai Uhaldek. Bi hilabetez haien bizimodu krudela atzean utzi eta beste herrialde bateko errealitatea ezagutzen dute, haien uda ere xamurragoa izan dadin. 101 dira aurten Nafarroako harrera familietara eta haientzako gaitutako etxebizitza batera etorri diren neska-mutikoak. Irribarretsu sartu dira parlamentuan, jakinda, ekitaldi instituzinalaren ondoren izanen zutela jan-edateko goxoa eskuragarri.
"50 urte justizia, bakea eta askatasuna iristeko zain, iristeko erresistentzian", adierazi du Frente Polisarioko Nafarroako ordezkari Hamdi Aomar Ahmedek. "Nafarroa guretzat elkartasun herrialde bat baino gehiago izaten ari da". Une hauetan saharar errefuxiatuen kanpalekuak are toki zailagoa bilakatu dira: moskito plaga dute, ur eskasia, laguntza humanitarioa gero eta gutxiago iristen ari da… ezinbestekoa da haurrentzat errealitate horretatik tarte batez bada ere urruntzea. Carolina Garcia Pellejero ANAS Elkarteko kideak beste hau ere eskertu du: "Une hauetan ebakuntza egiten ari zatzaizkie saharako kanpalekuetako haurretako bati. Zortekoa da programa honen barruan dagoelako. Hemen osasun-profesional ezinhobeez zainduta dago. Kanpalekuetan ez luke aukera hori izanen". Beste bi gaztetxok ere pasa beharko dute ebakuntza gelatik.
Aitziber Monreal harrera familia bateko ama da. Alaba eta seme biologikoekin batera uda bere etxean pasatzen du duela bost urtetik saharako kanpalekuetako Zeina neskatoak. Aitziber eta Amaiur alabarekin hitz egin du Euskalerria irratiak. Entzungai dago elkarrizketa argazkian klik eginda.