Herriko eta auzoetako jaiak iristen dira udaberri eta udarekin batera. Ohartu al gara jatetxe, taberna, elkarte edota kalean jartzen dituzten komunetako ateetan zer nolako irudiak dituzten? Gehienetan, oraindik ere, gonadun pertsonak eta trajedun pertsonak ageri dira, emakumeari eta gizonari erreferentzia egin nahian. Hori aldatzeko deia egiten ari da Naizen Elkarteko familia bat. Bere ekimenez ari dira lanketa egiten. Binomio hori atzean utzi eta aniztasuna kontuan hartuko duen iruditegia jartzera deitu ditu herritarrak Edurne Koch Naizen Elkarteko kideak. Harekin hitz egin du Euskalerria Irratiak. Hemen azpian irakurri daiteke eta argazkian klik eginda entzun:
Komunetako atarietako errealitatea aldatzeko iruditegia prestatu duzue. Nolakoa da?
Ekimena pribatua da, baina Naizen Elkarteak ere babesten du. Guztioi gertatu zaigu komunetara joan eta sexu binarismoa duten kartelak ikustea. Ezinegona sortzea. Neri behintzat, trans alaba daukadanetik kontziente naiz kartel horiek sortu dezaketen minarekin. Trans pertsona bat komun batzuetara sartzean eta estereotipo horiek betetzen ez dituela ohartzean deserosoa den egoera sortu dakioke, erasotua sentitu daiteke. Horrek zerbait egiteko beharra zegoela erakutsi zidan eta ahizpak esan animatu ninduen urratsa egitera. Bestelako aniztasun egoerak irudikatzea eta txertatzea pentsatu genuen. Lanean jarri eta hortik etorri da proposamena.
Ekimen pribatu batetik sortua, baina denon ardura dela jabetuta.
Hori da. Guk uste dugu pertsonok pertsonalki eman behar ditugula pausuak. Erakundeek ere egiten dituzte horrelako ekimen batzuk. Hala ere, denetara iristeko modurik eraginkorrena norberak pausuak ematea dela esanen nuke. Denon ardura delako. Nor ez da deseroso sentitzen emakumeei dagokien komunetan haurrentzako aldagelak ikusten dituenean? Horrek zer iradokitzen du? Zaintza emakumeen ardura dela? Nik uste, gaur egun, gizartean nahiko barneratua dugula ezetz, baina irudi horiek mina eragin dezakete eta bestelako pentsamenduak elikatu.
Egoera aldatzeko proposamena dakarzue.
Nahieran eta edozein euskarritan zintzilikatzeko ekimen hau edozein pertsonak hartzea nahiko genuke. Udaletxera joatea, kiroldegira, herriko jatetxera.. eta alda dezatela proposatzea. Pausurik ematen ez bada ez gara kontziente zer nolako iruditegi eta ideologia sortzen ari den. Norberak har dezake ardura eta laguntza uholde bat sortu.
PDF formatuan sarean eskuratu daiteke.
Horrela egin dugu ahalik eta errazen izateko erabiltzeko.