Gaurtik hasi eta abuztuaren 2ra arte, antzerkiak hartuko du Nafarroako erdialdea, Erriberriko Antzerki Jaialdiaren ogeita zazpigarren edizioaren eskutik. Antzerkia, dantza, zirkua, clowna, magia, musika eta performacea uztartuko dira egitaraua osatzen duten 31 emanalditan. Horretaz gain, sortzaileentzako bi egoitza, hainbat prestakuntza tailer eta jendearentzako topaketa irekiak egonen dira. Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak antolatuta, Ane Pikaza eta María Goiricelayaren zuzendaritza artistikoa du Lurraldea ospatzen lelopean ospatuko den jaialdiak.
Ondare espazioetako eta espazio eszenikoetako ikuskizunak kaleko proposamenekin, bitartekaritza jarduerekin, tailerrekin eta artistekin topaketekin uztartuko ditu aurten ere. La Cava izango da jaialdiaren eszenatoki nagusia, gaueko 22:00etan egingo diren hamabi ikuskizunekin, eta Teobaldoen Plazak, Frantziskotarren Elizak, Errege Jauregiak, Kultur Etxeak eta Enocumek hartuko dute Erriberriko programazioaren zati bat. Erriberrin bakarrik ez, eta Tafalla, Beire, Pitillas eta San Martin Unx herrietara ere zabalduko da egitaraua aurten.
Pont Flotant konpainia balentziarrak inauguratuko du gaur 22:00etan La Cavako agertokia, Nerabezaro infinitua obrarekin. Euskarazko obra bakarra Dejabu Konpainiaren Itzulera antzezlana izanen da, uztailaren 23an eszenatoki nagusian. Bestelakoan, Nafarroako konpainiek presentzia nabarmena izanen dute egitarau osoan.
Edizio honetan parte hartuko duten Nafarroako konpainia batzuetako kideekin izan dira, eta aurten ere artista eta sortzaile nafar edo Foru Komunitateko eszenari lotutako artista eta sortzaile ugari izango dira bertan: Boga-Boga (Mujeres que cantan tras el balcón), Led Silhouette (Ultimatum), La Banda Teatro Circo (Nuur), La Cuerda Teatro + Ttipia Kultura (Camping Las Reinas), Akira Yoshida (El porqué de los perdidos), Producciones Come y Calla y Teatro del Acantilado (Leonora), Disiden.Cia (Bipedestrucción), Olaia Inziarte. Egitarauaren xehetasunak eta sarrerak jaialdiaren webgunean eskuratu daitezke.