Entzutekoak

Eneko Eguiguren: "Abeltzain erreleborako aletxoa eskaini nahi dugu formazioaren bidez"

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 16a

Gidari Artzain Eskolak ateak irekiko dizkie urrian ikasle izan nahi dutenei: lehen aldiz formazio gradua eskainiko du abeltzaintzan murgiltzeko. Ekainaren 6tik dago aukera aurrematrikula egiteko eta 700 orduko ikasturtea izanen dute gero aurretik. Lehen sektorearekin, lurraldearekin eta abereen kudeaketa jasangarriarekin lotutako profesional belaunaldi berri bat prestatu, lagundu eta prestatze beharrari erantzuteko sortu da.

Eneko Eguiguren da Gidari Artzain Eskolako arduraduna. Harekin hitz egin du Euskalerria Irratiak abian jarritako egitasmo berriaz. Hemen irakurgai eta argazkian klik eginda baita entzungai ere. 

Bada beharra artzaintzan erreleborako?

Jakina. Aspaldidanik ofizio edo lanbide guztiek izan dute erreleboa. Hezkuntza oso zuzendua izan da lanbide horie eta artzaintzak ez du halakorik izan. Errelebo falta handiarekin gaude. 

Eskolan izen emateko epea zabalik duzue. Erreleborako beharra bai, bada nork hartuko duen, iruditzen zaizu?

Hori lan zaila da eta giltza hori ez dauka inork. Gobernuak eta administrazioak dituen tresna gordinek ere ez dute erantzunik horretarako. Gure asmoa ez da sektorearen arazo larria konpontzea, baizik aletxoa jartzea, aportazioa egitea gaitzari aurre egiteko. Errelebo generazional hitzak badu mantra; errelebo emozionalari zuzendutakoa dela esanen nuke nik dela gure proposamena. Abeltzainek bizimodua aitzindarietatik jaso dute: aita, aitona birraitona... eta ikusten dute ez dutela azpitik inor. Horregatik hitz egiten ari naiz errelebo emozionalaz. Hori ezezagun batek hartzea ez da erraza.

Zer aurkituko du izen ematen duenak?

Ekainaren 6amn zabaldu genuen izen emateko epea. uztaila eta abuztuan zabalik izanen da. Edonork eman dezake izena webgunearen bidez: gidarieskola.com-en bidez izanen du informazio guztia. Gero guk haiekin harremana eginen dugu. 

Ibilbide formatiboa ia osorik dugu. Hezkuntza multifuntzional edo multidisziplinarra izanen da. Artzain batek denetik jakin behar baitu. 900 modulu, 700 orduko gradua eta urritik ekainera izanen dena da. Lehenengo promozioa izanen da. 21 pertsonak eman dute dagoeneko izena. Jende gehiago animatzea espero dugu.

Formazio honetaz gainera dibulgazio lana ere egiten duzue…

Hezkuntz proiektu bat da eta hiru lan ildotan oinarritzen da: hezkuntza gradua batetik, teoriko-praktikoa; jardunaldi dibulgatiboak daude bestetik, mahai inguru eta jardunaldiak; eta, hirugarren ildoa, sektoreari eskainitako hezkuntza jarraitua, ezagutzak konpartitzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!