Sanferminak 2026

Ezezko irmoa ezein eraso sexistari

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 13a

2026ko sanferminetan ere izan dira eraso matxistak: orain arte gutxienez 27 salaketa jarri dituzte beste hainbeste emakumek eta 13 lagun atxilotu dituztela jakinarazi dute Nafarroako Gobernuko iturriek indarkeria horrekin zerikusia dutelakoan. Eraso gehienak ukituak, jazarpenak eta irainak izan dira, baina bortxaketa larri bat jasan zuela salatu du emakume batek ere. Eraso larri hori egin zion gizonezkoa espetxeratzeko agindu du epaileak azken orduotan. Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu zuen atzo Gazteluko plazan eta jendez mukuru bete zen. 

Bortxaketa bat eta beste 26 intentsitate baxuko jazarpen, ukitu eta irainak jasan behar izan dituzte emakumeek sanferminetan. Hala salatu zuen jende olde batek atzo mugimendu feministak deitutako protestan. Gazteluko plaza txiki geratu zen indarkeria matxista salatzeko unean. "Haserre gaude berriz ere atera behar izan dugulako eraso matxistak salatzera, horrek esan nahi duen guztiarekin, baina aldi berean pozik jendeak erantzun irmoa eman diolako", azaldu du mugimendu feministako kide Amaia Zubietak. Mugimendu feministak erasoak gaitzesteaz gainera, esan du, badela garaia emakumeek ere libre eta gozagarri izan dezaten festa. "Mugimendu feministaren borrokak eraman du gizartearen kontzientzia areagotzera, kalean are indar handiagoarekin salatzera edozein eraso. Lan horri esker, erakundeak ere martxan jarri dituzte eta gero eta baliabide gehiago eskaintzen dituzte", uste dute. Tamalez, oraindik ezin da esan festak leku seguruak direnik emakumeentzat. Hala ere, aurrera pausuak eman dira eta bide hori egiten segitzen dute erakundeekin batera mugimendu feministatik.

Espetxera bidali dute emakume bat bortxatzea leporatutako gizona

Epaileak behin-behinean eta fidantzarik gabe espetxera bidali du bortxaketa egitea leporatuta Iruñean atxilotu zuten gizona. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko informazio iturrien arabera, Instrukzio Auzitegiko guardiako epaileak kasua utzi egin du, eta Emakumeen Kontrako Indarkeria Auzitegiak hartuko du bere gain.

Erakundeek ere bat egin dute

Iruñeko Udalak bat egin du mugimendu feministak elkarretaratzea egiteko deialdiarekin eta adierazpen bat ere onartu du erabateko arbuiua adieraziz. Nafarroako Gobernuak ere parte hartu du Gazteluko plazako elkarretaratzean: Maria Txibite lehendakaria eta Ana Ollo presidenteordea izan dira, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!