Entzutekoak

Jon Alonso: "Naparraren kasuak osagai guztiak zituen istorio beltz bat egiteko"

Euskalerria Irratia 2026ko ekainaren 30a

Jon Alonso idazleak eta Adur Larrea marrazkilaria 'Itsasoaren ahutzak' (Elkar) komikia argitaratu dute, Jose Miguel Etxeberria Alvarez 'Naparra'-ren auzian oinarritzen den fikziozko kontakizuna

2020an Naparra, kasu irekia plazaratu zuen Jon Alonso idazleak, Jose Miguel Etxeberria Alvarezen desagerpenaren bueltako ikerketa lan mardula. Oraingo honetan, aldiz, fikzioari heldu nahi izan dio, Adur Larrea marrazkilariarekin batera Komando Autonomo Antikapitalistetako kidearen desagerpenaren inguruko komiki bat hontzeko. Itsasoaren ahutzak izena du Elkarrek argitaratu duen liburuak. Fikzio bat da eta fikzioa irakurtzen dugun moduan irakurri behar da. Ez dakigu zer gertatu zen, eta ez dakigu komikian kontatzen dugun modu berean gertatu ote ziren gauzak, baina dakizkigun datuak kontutan hartuta, guztiz sinesgarria egiten zaigu bertsio hau”. 

Adur Larreak beltzaren aldeko apustua egin du Alonsok idatzitako istorioa irudikatzeko. Marrazkilariak argitu moduan, ez baitzegoen beste aukerarik. “Beltza izan behar zuen, ez dago besterik. Gehiago azpimarratuko nuke izenik ez dela pertsonaietan, eta horretarako pertsonaien karakterizazioan lan egin behar izan dut, bata bestearengatik desberdintzeko”. 

Naparra 1980ko ekainaren 11n ikusi zuten bizirik azken aldiz, Ipar Euskal Herrian; garai hartan, Komando Autonomo Antikapitalistetako militante eta errefuxiatua zen. Komikia urtebete lehenago abiatzen da, eta 2014an kokatzen du azken eszena, hain zuzen ere Nazio Batuen Erakundeak Naparra indarkeriazko desagertze baten biktimatzat onartu zuenean. Bi gertakari horien artean, aldiz, isiltasuna eta mina nagusitu dira kasuaren bueltan, batez ere Naparraren senideek pairatu duten zauria. Komikiak senideen min hori islatu nahi izan du. “Nahi genuen berreraiki, fikzioaren bidez bazen ere, zer gerta zitekeen orduko horretan. Baina ezin genuen alde batera utzi familia hor aritu dela bilaketan, eta 46 urte geroago ere horretan jarraitzen duela”. 

Fikzioaren betaurrekoekin irakurri behar den arren, egileak nabarmendu bezala, kasuaren bueltan dagoen hipotesi nagusiaren alde egiten du komikiak, hau da, eskuin muturreko Batallón Vasco Español erakundeak desagertarazi eta erahil zuela Jose Miguel Etxeberria Alvarez. Kasuaren inguruko dokumentuak desklasifikatzen ez diren bitartean, alta, fikzioak jarraituko du izaten helduleku bakarra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!