Entzutekoak

IKA-ko ikastaro trinkoak eta barnetegiak, udaran ere euskara entrenatzeko

Euskalerria Irratia 2026ko ekainaren 29a

Uztaileko atsedenaldiaren ondoren, abuztuan abiatuko dira ikastaro trinkoak. Abuztuaren azken asteburuan eta iraileko lehen bi asteetan, aldiz, barnetegietara joateko parada izanen da

Atsedenaldirako tartea izateaz gain, euskararen ikasketari bultzada emateko tarte egokia izan daiteke uda. Hala uste dute IKA Arturo Campion euskaltegian ere, eta martxan jarri dituzte berriro ere abuzturako zein irailaren hasierarako udako ikastaroen eskaintza. 

Aurten, ikastaro trinkoez gain, barnetegi desberdinetan parte hartzeko aukera egonen da. Abuztuko azken asteburuan Hiri Barnetegia eginen da Iruñean bertan. Asteburu osoz, goiz-arratsalde, euskaraz aritzeko parada emanen die izena emanen dutenei, hiritik bertatik mugitu behar izan gabe. Irailaren hasieran, berriz, bi asteko barnetegia antolatu dute Lesakako Matxinbeltzenea etxean, euskara egunerokoan txertatzeko tresnak eskaintzea helburu izanen duena. Afera, Xabier Martinez de Lezea IKA Arturo Campioneko zuzendariak nabarmendu bezala, mintzamenean, jarioan eta euskaraz aritzeko naturaltasunean eragitea da.

Barnetegiez gain, abuztu osoan zehar euskara maila guztietako ikastaro trinkoak eskainiko dira. Lau astez egunean hiru edo lau orduz emanen dira gelak, baina behar izanez gero hiru astez edo 2 astez aritzeko aukera emanen du euskaltegiak. Ikastaro hauen helburua, izan ere, euskararen ezagutzari denbora tarte laburrean bultzada nabarmena ematea da, Martinez de Lezeak azpimarratu bezala: "Gakoa, azken batean, orduak dira. Lau astez euskaraz aritzean bultzada asko nabaritzen dute ikasleek".

Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bitartez ikastaro zein barnetegietarako matrikulaziora bideratutako diru-laguntzak ematen ditu, zerotik hasten direnentzako %100era ere iristen direnak. Ikastaro eta barnetegien bueltako informazio eta xehetasun guztiak IKA Arturo Campion euskaltegiaren webgunean aurkitu daitezke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!