Heriotzaren inguruko komedia, bizitza ospatzeko. Hori izanen da, funtsean, bihar Atarrabiako Kultur Etxean estreinatuko den Demode Produkzioen emanaldi berria: RIP, azken musikala. Demode Quartet taldeak abiatutako ekoiztetxearen eskutik joan da obraren sorkuntza osoa, musikatik hasi, aktoretza lanetik pasatu eta libretoaren idazketaraino. Patxi Barcoren zuzendaritzapean, Iker Huitzi eta Joli Pascualenari Xanti Korkostegi batu zaie aktore lanetan, benetako istorio eta kontakizunetatik abiatuta heriotzaren bueltan barreak zein hausnarketak sustatu nahi dituen musikalean.
Atarrabiako Kultur Etxean egindako egonaldi artistikoan sortu dute musikala, eta bertara hurbildu gara obraren prestaketaren azken ukituak nola doazten ikusteko. Hilerri gotiko bilakatutako oholtzaren aldamenean, Huitzi, Paskualena eta Koskotegirekin mintzatzen aritu gara. Umore beltza, kantu originalak, eta uste ez bezalako xamurtasuna. Ikuskizunak giza espazio bihurtuko du kanposantu bat, makabrotasunarekin dantzatzeko eta saihestezina denaz irri egiteko. Bertan ere, ironiaz eta emozioz argitzen da izendatzeko beldur garen muga hori. Heriotzari buruzko komedia musikala da, bai, baina, batez ere, bizitzari buruzkoa: bizitzaren hauskortasuna, zentzugabekeria, edertasuna eta haren misterioak uzten duen jakin-min izugarria.