Mejorana elkartea duela 17 urte sortu zen, hasieran aisialdiaren inguruko jardueretan zentratuta. 2017tik aurrera, ordea, norabidea aldatu eta osasun mentalaren arloan estigmaren aurkako lana eta gizarte eraldaketa izan ditu ardatz nagusi.
Elkartearen ezaugarri nagusietako bat da kide askok osasun mentalaren arloko esperientzia propioa dutela, eta sufrimendu psiko-sozialetik abiatuta egiten dutela lan. Horrek ikuspegi berezi eta eraldatzaile bat ematen dio.
Mejorana elkarteak bi behar nagusi identifikatzen ditu: alde batetik, elkarri laguntzeko barne-sarea indartzea, eta bestetik, gizartean eta erakundeetan eragitea. Elkarteak bereziki kritikatu du oraindik ere osasun mentalaren arretan euspen mekaniko eta kimikoak erabiltzea, eta horiek desagerrarazteko beharra azpimarraten dute. Nafarroako Gobernuak, azken urteetan, osasun mentalaren arloan egiten dituen euspen mekanikoen erregistroa urrats positibotzat jo dute, baina oraindik bide luzea dagoela ohartarazi dute.
Bestalde, osasun mentalaren inguruko diskurtsoa gizartean hedatu bada ere, estigmaren presentzia oraindik handia da. Komunikabideen eta gizartearen rolari ere erreparatu diote, eta osasun mentalaren inguruko tratamendua arduraz egitearen garrantzia nabarmendu dute.