Nafarroako Munduko Medikuak erakundeak joan zen astean ohartarazi zuenez, munduan 239 milioi pertsonak premiazko laguntza humanitarioa behar dute, baina "dagoen finantzaketa ez da nahikoa oinarrizko beharrak asetzeko", Sudanen, Burkina Fason edo Gazan egoera larriak bizi baitituzte.
"Momentu honetaraino nola iritsi garen ulertzeko", azaldu du Jaione Eugi Munduko Medikuaken proiektu arduradunak, "duela 40, 50 edo 100 urtetik hona ezarri diren herrialdeen arteko harremanei erreparatu behar diegu. Baliabideen ustiaketa bat egon da Europa eta Ameriketako Estatu Batuen aldetik, eta horrek migrazio fluxuak eragiten ditu. Guztiok gara horren arduradunak".
Munduan 59 gatazka armatu daude gaur egun aktibo, Bigarren Mundu Gerratik egon den inoizko zifrarik handiena. Muturreko pobrezia egoeran bizi den pertsona kopuruak igotzen jarraitzen du eta gaur egun ia 850 milioitan kokatzen da. 4.500 milioi pertsonak ez daukate osasun zerbitzuetarako inolako sarbiderik. Datuek erakusten duten errealitate gordinaz haratago, krisien konplexutasunari erreparatu behar zaiola adierazi du Eugik, eta lankidetzarako bideak zabaldu behar direla aldarrikatu. Izan ere Nazioarteko laguntzak ez du behar haina finantzaketarik jasotzen: "2026an gutxieneko baldintzak asetzeko beharrezkoak diren proiektuen %26a besterik ez da finantzatu. Hori oso datu txarra da, eta okerrera doa".
Honen aurrean, gobernu eta erakundeei urrats bat eman eta finantzaketa bideak zabaltzea eskatzen dute Munduko Medikuak erakundetik; eta herritarrei euren eguneroko erabakiek daukaten eraginaren inguruko kontzientzia hartzera bultzatu.