Entzutekoak

'Pueblerinas': landa eremuko emakumeen esperientziak saretzen dituen proiektua

Euskalerria Irratia 2026ko ekainaren 18a

Pueblerinas proiektuak landa eremuko emakumeen ahotsak, esperientziak eta jakintzak ikusarazten ditu topaketen, podcasten eta ikus-entzunezko tailerren bidez. Allin ibarrean sortu zen ekimena Antzin eta Ameskoa bailaretara zabaldu da. Rakel Conde Esparza, Pueblerinas proiektuko kidearekin, egon gara.

“Pueblerinas” hitza askotan landa eremuko emakumeak gutxiesteko erabili izan bada ere, proiektu honek esanahi hori irauli eta harrotasunez aldarrikatu nahi du. Allin ibarrean sortutako ekimena da, eta gaur egun landa eremuan bizi eta lan egiten duten sei emakumek osatzen dute: Edurne Ruiz, Carla Ruiz, Kristina Pozo, Rakel Conde, Olaia Sánchez eta Sandra Urra.

Haien helburua topaguneak sortzea, emakumeen esperientziak ikusaraztea eta askotan hirietako kontakizunetatik kanpo geratzen diren ahotsei balioa ematea da. Proiektuak hiru lan-ildo nagusi garatzen ditu. Alde batetik, urtero antolatzen dituzten topaketa feministak, aurten uztailaren 17an eta 18an egingo dituzte. Bestetik, hilero argitaratzen duten podcasta, non artea, kultura, kirola edo sexu eta genero disidentziak bezalako gaiak lantzen dituzten. Azkenik, herrietako emakumeekin batera egiten dituzten ikus-entzunezko tailerrak, haien bizipenak eta istorioak laburmetrai formatuan jasotzeko.

Allin ibarrean zegoen aurretik ere sare feminista eta komunitario sendo bat, eta hortik abiatu zen proiektua. Gaur egun, Antzin eta Ameskoa bailaretara ere zabaldu dute, bertako emakumeekin elkarlanean.

Rakel Conderen esanetan, ezinbestekoa da belaunaldien arteko transmisioa zaintzea eta mendeetan zehar jasotako jakintzak galtzen ez uztea. Horretarako, espazio partekatuak eta komunitate-sareak indartzea funtsezkoa dela nabarmendu du, landa eremuko bizitzak eskaintzen duen aberastasun kolektiboa balioan jarriz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!