Elkarrizkettap

Irune Bengoetxea (pedagogoa): “Zementuzko patioak desegin eta naturak espazio handiagoa hartzeak onurak dakartza haurrarengan, bai emozionalki zein fisikoki ere ”

Maialen Huarte Arano 2026ko ekainaren 17a

Irune Bengoetxea (Iruñea, 1998) eta Maialen Ariz (Iruñea 1996) pedagogoa eta arkitektoa dira, hurrenez hurren. Iruñean ikastetxeko patioak eta oro har hiriko zenbait eremu birnaturalizatzeko prozesuan buru belarri ari dira beste sail eta alor hainbatekin batera, elkarlanean. Iruñeko San Jorge ikastetxe publikoko patioan mintzatu gara haiekin.

Maialen eta Irune arratsalde on.

Arratsalde on.

Arkitektoa eta pedagogoa. Ikastetxeko patio honetan bildu gara, izan ere, gero eta espazio gehiago ikusten ari gara berdegune gehiagorekin, berrantolatuta… zergatik?

Gaur patio batean gaude, baina hiri osoan zehar sustatzen ari den ekintza baten inguruan mintza gaitezke. Orain arte hirigintzak ahaztua izan du espazio berdeak hirian txertatzearena. Patioak aukera espazioak dira hori abian jartzeko.

Izan duzue oinarriren bat hau guztia diseinatzeko garaian. Bada herrialderen bat edo txokoren bat halako prozesua egiten ari dena…

Iruñean bada denbora bat patioak birnaturalizatzearen ekimena martxan jarri zenetik. Egia da urtebete dela serioski gaiari heldu eta prozesuan barneratu ginela. Bartzelonara begiratu genuen: ikastetxe askotako kanpoko parteak ari ziren berrantolatzen eta bazekiten antolaketa hau zein parametrorekin egin.

Prozesua luzea da, hari mutur asko ditu, alor asko hartzen ditu barnean. Zein kezkatik abiatuta hasi zenuten?

Hiri osoan begirada jarri genuen, baina batez ere patioek kezkatzen gintuzten. Zor bat badelako haurrekin. Txikiak egunero daude hemen eta haiei natura gerturatzeko zor eta aukera bat bezala ikusi genuen.

Artiketuraren aldetik eta pedagogikoki mintzatuko gara gaur batez ere, baina esaten ari gara, ikuspegi askotatik ari zaretela prozesua egiten.

Birnaturalizazio Mahaia sortu genuen eta hor batu gara arkitektoak, pedagogoak, parte hartze arloa… ikuspegi desberdinetatik patioak nolakoak izan behar diren aztertzen hasi ginen. Ez hori bakarrik, baita prozesua bera nolakoa izan behar zen ere. Hezkuntza komunitatearekin egin beharrekoa da: ikasleekin, gurasoekin, irakasleekin… landu eta proiektu pedagogikoa ere nolakoa izan behar zen zehazteko.

Zenbateraino hartu da kontuan haurraren ikuspegia?

Asko ikasten ari gara eta gero eta gehiago hartzen ari gara kontuan haiek esaten digutenetik. Zailtasunak ere baditugu, kosta egiten zaigu nahiz jakin asko daukatela esateko. Badugu gure buruan horren barneratuta patioa zementuzko plantxa bat dela eta futbolean jokatzeko edo bi saskibaloi saski… eta haiei ere asko kostatzen zaie imajinatzea nola nahiko luketen patioa. Haien espazio perfektua nolakoa izanen litzatekeen galdetzen hasi gintzaizkion. Haiekin gero eta hartu-eman gehiago ditugu, gero eta gehiago ikasten ari gara eta teknikak gero eta hobe lantzen.

Aldaketa ikusten da fisikoa dela, baina pedagogikoa ere bada.

Eskola guztiz aldatzen da, bai. Eraikin-patio binarismoarekin amaitzea da ardatzetako bat. Hau da, eraikinaren barruan gertatzen dena hezkuntza dela pentsatzea eta patioan gertatzen dena aisialdia dela, horrekin amaitzea. Gure filosofia ez da hori, baizik, ulertzea hezkuntza dena dela, bi espazioak direla bat. Eskola kanpora ateratzea da helburua, hezkuntzan eta garapenean txertatzeko. Guztiz aldatzen da eskola egiteko modua.

Ez dakit zuen garaian ere hala ote zen, nirean, espaziorik handiena futbol zelaiak, zementuzkoak, hartzen zuen ikastetxeko patioan. Gaur egun oraindik halako asko daude eta prozesu hau ere hori aldatzera dator.

Ikastetxeen diseinuan eraikina nolakoa izanen zen pentsatzea izaten zen ia lan bakarra. Kanpo espazioak galdera ikus gisara uzten zituzten. Eta hortaz, kaleko espazio horietarako diseinatzen zen bakarra futbolean jokatzeko edo saskibaloian aritzeko guneak ziren. Beste egoteko edo jolasteko moduetan ez zen pentsatu ere egiten. Ikasteko eta irakasteko moduak garatzeko espazioak zirela ez zen aztertu ere egin.

Zein irizpide hartu dituzue orain kontuan patioen berrantolaketan?

Patio bakoitza desberdina da. Ingurunearen arabera, tamaina edo azpiegituraren arabera. Horietako batzuetan zuhaitzak daude, besteetan perimetroetan besterik ez… Horregatik ikastetxe bakoitzeko hezkuntza komunitatearekin biltzen gara, haiekin aztertzen dugu nola aritzen diren patioan. Hortik abiatuta haiekin proiektu bat garatzen saiatzen gara: zonalde berdeak, zoru iragazkorrak… erabiliz. Estrategia hori finkatuta patioan guneak diseinatzen saiatzen gara. Gauza desberdinak gerta daitezen zonalde desberdinak; aberastasuna sustatzea.

Landareei, loreei kendu zaien espazioa itzultzen ari zarete.

Hori da helburua. Itzultzeko lehen pausua da. Naturak bere ekosistema berreskuratzeko aukerak sortzen ditugu lehenbizi. Gero ekosistema garatuko da eta gerta daiteke landare batzuek irautea eta ez beste batzuek. Sortzen duguna hori da, natura patiora ekarri, beste jolasteko eta ikasteko eremu batzuk sustatzeko eta alderdi klimatikoa ere onuragarriagoa izateko.

Zer nolako jolasteko moduak sor daitezke?

Denetarik. Patioa mundu berri bat da, kontuan izanda orain arte zementuzko plantxa bat izan direla. Askotan ikastetxeetara hurbiltzen garenean esaten digute ez dakitela zer egin. Ikasleek, gurasoek eta irakasleek esaten digute, ez dagoelako deus. Prozesua garatuta, bat batean agertzen zaizkie aukerak: zuhaitzak, belarra, egurrezko azpiegiturak… eta haientzat mundu berri bat da. Mugitu daitezke gora eta behera, bota

dezakete euren buruan saltoka, txoriak entzun, xomorroak ikusi… nahi dutena egin dezakete. Guk argi ikusten duguna da ez dutela azpiegitura askorik behar. Naturarekin aukera berri asko sortzen zaizkielako.

Garai bateko patioak gehiago ziren espazio gidatuak eta orain jolas libre gehiago izateko aukera dute?

Bai, noski. Azkenean patioan futbolean aritzeko edo saskibaloian jokatzeko aukerak baino ez badaude, badakite aukera horiek baino ez dituztela. Emakumeek hori ere jasan dugu. Neska askorentzat ez zen aukera bat partidetan sartzea. Hori lekualdatzen badugu eta ez erdialdean jarri, espazioa ere emanen zaio emakumeari. Futbola deszentralizatu. Aukera berriak ematen ari gara: belarrekin, zuhaitzekin eta estimuluekin. Hortik sortzen dira jolas berriak eta esperimentazioa.

Landarez osatutako iglua… zer nolako materialak erabili dira?

Material iragazkorrak, ura pasatzen uzten dutenak. Jolasteko aukera berriak eta irudimena sustatzeaz gainera, aldaketa klimatikoaren kontra lan egitea. Ura pasatzen uzten duten materialak dira eta uraren kudeaketa errazteko sortuak. Manipulatzeko aukera ematen duten materialak dira gehienak: area, harrixkak, zuhaitzen azal zatiak, zonalde berdeak … horiek guztiek bi onura dituzte: pedagogikoa eta aldaketa klimatikoaren kontrakoa.

Baratze txikiak ere sustatzen ari dira.

Iruñeko eskola askotan ari dira lanketa horretan, bai. Haurrek ikusi dezakete nola funtzionatzen duen. Dena dela, orturik gabe ere, espazio hauek eskaintzen dute naturaren zikloak ezagutu ditzaten: guk ez dugu deus ureztatzen, ez belardiak, ez zuhaitzak. Ikastetxe batzuetan gertatu da uda pasata larritzen direla belarra kolore horiz ikusten dutenean. Badirudi hilda dagoela. Hori da ez dugulako ohiturarik belarraren ziklo naturala ikusteko. Aukera ematen die horrek benetako zikloa ezagutzeko.

Zergatik da ona naturarekin harreman zuzena izatea?

Jolasean ikusten ditugularik atzeman daiteke: psikomotrizitatean hasteko. Motrizitate lodia zein fina lantzen dute: korrika egin, salto egin… edo manipulatzen ari direnean. Garapen kognitiboan ere onurak badaude: esperimentazioa, frogak, ikusteko aukera… garapen sentsoriala, autonomia, emozioena… dena ikusten da kanpotik.

Eta bizia den naturarekin ari dira harremanetan.

Edozein gauza aurki ditzakete patio hauetan. Txoriak baldin badaude, haien kantua entzunen dute. Hori bakarrik bada estimulu bat.

Hezkidetza, inklusioa edo jasangarritasuna ere lantzen dituzue.

Hezkidetza ikus daiteke futbola erdigunetik kenduta. Horretara jolasten ez ziren haurrek espazioa irabazi dute (neskak gehienak). Horretaz gain, inklusiboagoa da horrelako patio batean edozein haurrek duelako lekua. Askotan ikusi dugu haur hezkuntzakoek eta lehen hezkuntzakoek konpartitzen dutela patioa. Baina agerikoa da txikienak bazter batean geratzen direla. Ikusten dute handiek hartzen dutela espazioa. Badira orain zonalde lasaiagoak edo aktiboagoak mota askotako beharrak asetzeko.

Patioetan bai, baina hirigunetan ere nabaritzen da horrelako espazioak sortzean, zuhaitzez inguratutako txokoek mantentzen dutela eremua freskoago. Arnasguneak dira.

Honen inguruan ere asko hitz egin genezake. Ikerketa askok diote zergatik diren beharrezkoak horrelako espazioak. Enpirikoki denok sumatu dugu. Askoz erakargarriagoa da parke batean arratsaldea pasatzea edo plaza gogor batean, zementuz betea. Ezin dugu ahaztu txikiek denbora asko pasatzen dutela halakoetan. Orain arte espazio horiek fisikoki oso gogorrak ziren: itzalik gabe, eguzkiaren islarekin, deserosoak.. hori moldatzea da helburua. Guztiok bizi izan dugu plaza batean zuhaitz baten bila aritzearena.

Kutsaduraren aurka egiteko ere baliagarriak dira.

Bai. Ikuspuntu bat ere bada pentsatzea Iruñean adibidez 24 ikastetxe publikoetan ari garela lanketa egiten. Hiriaren barruan topa ditzakegun arnas guneak dira. Aldaketa klimatikoari dagokionez ere, aukera dago patioetan obrak eginez auzo guztietan gune berdeak sortzeko eta bero irla horiek saihesteko. Behar bat ere badago.

Aldaketa handia sortzen da haurrarengan espazio aldaketarekin?

Hezkuntza komunitatea osatzen dutenekin asko hitz egiten ari gara. Haiek nabaritzen duten lehen onura da, askoz ere erlaxatuagoak ateratzen direla kalera. Horrek zer esan nahi du? Bada askoz ere istilu gutxiago sortzen direla patioan. Lasaiago jolasten direla. Kanpoan egiten dituzten esperimentazio eta jolasak alde positibotik sortuak direlako. Horrekin

batera, garapenerako onurak hortik datoz, lasaitasunetik, konfiantzatik eta ongitasunetik.

Zenbat patio aldatu dira hemen iruñean?

Zazpi. Aurten beste bi moldatzeko aurreikuspena ere bada.

Etorkizunari begira iruditzen zaizue hori dela bidea, ez bakarrik patioetan baizik baita hirietan ere?

Bai. Espazio bakoitzak bere beharrak eta aukerak ditu. Ikusi behar da horrelako esku-hartzeak non egin daitezkeen. Patioak aukera espazioak dira, zor bat ere bazelako. Ildo horri eutsi behar zaiola esateko.

Haurraren ikuspuntua hiriari begira jarrita, hiriak ez daude batere prest haur bat hartzeko.

Orokorrean hiriak produktibitatearekin erlazionatutako parametroetan daude diseinatuta, ez zaintzarekin edo haur zein adineko jendearekin pentsatuta. Hiri gisa zor asko daude. Gutxinaka hiria ikusteko modua aldatzen ari da eta jarraitu beharreko ildoa perspektiba guztiak kontuan hartuko dituenari jarraitzea da. Horrela eginez gero denontzako izanen da onuragarria.

Erronka ez da makala. Zer nolako mezu positiboarekin amaitu dezakegu elkarrizketa?

Guk konpromisoa dugu, benetan sinesten dugulako egiten dugunaz. Pasa den astean birnaturalizatutako patioen ikastetxeko komunitatearekin elkartu ginen: haien sentsazioa ona da. Benetan nahi dute bide horretan segitu. Haiek dira egunero patioa bizitzen dutenak eta pozten dira prozesua egin izanaz.

Oso prozesu polit eta itxaropentsuak dira. Ikusten dugu espazioaren erabilera desberdina dela eta polita da hori ikustea. Sarea ere sortu da. Ikastetxe desberdinak haien artean harremanetan jarri dira. Patioez eta hezkuntzaz hitz egiteko. Duela urtebete atera genuen patioen eraldaketarako aukera. Bostek eman zuten izena. Domatzen da badela gogoa eta ikustea gertatzen ari dela.

Modu positiboan bukatu nahi nuen, baina orain otu zait: izan duzue kontrako iritzirik. Adibidez, gurasorik esan dizuenik: jo eske patio berri hauetan goitik behera zikintzen dira haurrak.

Bai, denetarik dago eta batez ere sumatzen duguna da, badela beldurra aldaketari. Oso aldaketa handia delako, besteak beste. Zementua ikustera ohituta gaude. Erori daiteke eta min hartuko du. Bai, zementuan ere min hartzen du. Haurrak modu batera edo bestera eroriko dira.

Beldurra da hitz gakoa. Kritikak aldaketak gertatu baino lehen iristen dira gehienetan. Gero beldurrak desagertu egiten dira. Badaude aldaketen alde ez daudenak, baina maizen beldurra dago horren atzean.

Zer beste kontrako iritziak jaso dituzue?

Mina egitea, zikinkeria eta prozesua bera, deserosoa dela. Obrak ez dira atseginak.

Lurrez zikintzen den haurra, ez ote da ongi pasa duen haurra?

Bai, guretzat bai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!