Iñaki Larrayozek bere proiektu musikalaren bigarren diskoa kaleratu berri du: Larra Bideak II. Larraintzarren daukan estudioaren eta Berako Atala estudioaren artean grabatua, 2019an hasitako bideari jarraipenea ematen dio bigarren lan honek, su apalean egosi dena, popa, folka eta blues ukitu bat ere uztartzen dituena atmosfera oniriko bat sortzeko. Zazpi kantu zituen lehen diskoak, sei gehitu dizkio bigarren honekin.
Larraintzarko musikariarekin diskoari errepasoa egin diogu Irrintzi Plaza saioan, berak erran bezala, "bakarrizketa tarte txikietatik sortu diren ideietatik" eraiki duena. "Lehenengo diskoa egin nuenean aldaketa garai batean nengoen", azaldu du. "Horrek eraman ninduen kantuak sortzera, oso argi izan nuen. Bigarren hau ateratzea gehiago kosta egin zait, ez nituen kantuak egiteko gairik eta aitzakiari aurkitzen, oso murgilduta ibili naiz nire beste proiektu pertsonalean ere. Baina azkenean, asteburu bakarrean bulkada izan nuen eta kantuak egiteko sei-zazpi ideia atera zitzaizkidan".
Grabaketak bera prozesu berezia izan da. Areto handi batean eta musika tresna ia guztiekin aldi berean grabatua izan da, eta horretarako musikari bikainak izan ditu alboan Larrayozek. Ibai Gogortza gitarran, Iñigo Telletxea baxuan eta Mattin Arbelaitz baterian. Ane Fagoagarenak dira koroak, eta Julen Suarezek lagundu du tronpetarekin. Joan zen ostiraleko Labako emanaldiaren ondoren, hurrengo kontzertuak prestatzen eta lotzen dabil taldea orain.