Entzutekoak

Itziar Irazabal: “Presio estetikoak gero eta sufrimendu handiagoa eragiten die nerabeei”

Euskalerria Irratia 2026ko ekainaren 2a

Presio estetikoak, sare sozialen eragina eta gorputz eredu idealizatuek gero eta eragin handiagoa dute nerabeen ongizate emozionalean. Gai hori izan dute hizpide Skolagun jardunaldietan.

Nerabeek jasaten duten presio estetikoa eta horrek osasun emozionalean duen eragina izan dituzte ardatz Hezkuntza Departamentuak antolatutako Skolagun IV. Jardunaldiek. Itziar Irazabal, Hezkuntza Saileko Berdintasun eta Bizikidetza Burua, Metropoli Forala saioan izan da.

Gazteak etengabeko mezu eta irudien bonbardaketapean bizi dira, eta sare sozialetan zabaltzen diren gorputz-eredu idealizatuek sufrimendua eragiten diete. Irazabalek ohartarazi du gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiola irudiari eta estetikaren inguruko presioak modu desberdinean eragiten duela nesken eta mutilengan. Gainera, gorputz jakin bat lortzeko egiten diren dieta zorrotzek eta bestelako jokabideek arrisku handiak izan ditzaketela nabarmendu du. Horren aurrean, hezkuntza komunitatearen papera ezinbestekotzat jo du: irakasleen prestakuntza indartzea, ikastetxeetan gai horiei buruz hitz egiteko espazio seguruak sortzea eta ikasleekin konfiantzazko harremanak eraikitzea.

Familien erronka ere mahai gainean jarri du. Bere ustez, gaur egungo gizarteak ekarritako aldaketa azkarrek eta erronka berriek askotan gurasoei gainezka egiten die. Horregatik, kontrola baino gehiago, entzutea eta gertutasuna eskaini behar zaiela defendatu du: “Garrantzitsuena alboan egotea eta beti laguntzeko prest egongo zarela transmititzea da”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!