Ikustekoak

Jurgi Ekiza: “Sentimenduekin dugun harremana da disko honen erdigunea”

Inhar iraizotz 2026ko maiatzaren 28a

Barnera begira eta zuk zeuk egin filosofiari jarraiki sortutako lana da Jurgi Ekizaren Argitzala diskoa. Ikasturte hasieran argitara eman zuenetik, kontzertuz kontzertu dabil doinu berriok zabaltzeko xedez.

Joan den irailean aurkeztu zuen Jurgi Ekiza (Baiona, 19810) musikari laputarrak Argitzala bere azken bakarkako diskoa. Zuk zeuk egin filosofiari jarraiki ekoitzitako lana izan da, soinu-tresna eta programazio lana beregain hartzearekin ez aski, grabaketa eta masterizazioa ere bere esku hartu baitu. Bere barne ahotsa proiektatzeko ariketa izan da lan hau, eta hori dela kausa, sorkuntza prozesuan Euskal Herritik aldentzeko urratsa eman du, Tahitira hain zuzen ere. Aldi honetan, Musikariak Ikastetxeetan programaren karietara Barañainera etortzekoa zela jakinik, Euskalerria Irratiko estudiora ekarri nahi izan dugu Willis Drummond taldeko kantari izandakoa.

Duela hilabete batzuk Argitzala lan berria argitaratu zenuen. Nola definituko zenuke disko hau? Zerk egiten du berezi?

Agian bereziena da guztiz bakarrik egin dudala. Nik egin dut dena hasieratik bukaerara: kantak sortu, letrak idatzi, musika konposatu, programazioak egin, grabatu, ekoitzi, nahastu eta baita masterizatu ere. Prozesu osoa nire gain hartu dut, eta horrek badu zerbait oso pertsonala. Bestalde, diskoaren parte bat atzerrian sortu dut. Uste dut hori sumatzen dela bai musikan bai giroan: puzzle moduko bat da, oso leku eta emozio ezberdinak elkartzen dituena.

Hai zuzen azaleko collage horretan hori bera sentitzen da...

Bai. Azala Baionako artista batek egin du, Sarah Labonnek. Hasieran nik neuk egitea pentsatua nuen, disko guztia neuk egin dudanez horri segida emateko. Baina bidaia batera joan aurretik aurkeztu zidaten artista hau, eta azalaren ideia proposatu nion. Bi orduren buruan bidali zidan diseinua, eta berehala ikusi nuen aproposa zela. Beraz, hala geratu zen.

Hazparne eta Tahiti artean sortu duzu diskoa. Nolakoa izan da prozesu hori?

Oso interesgarria eta goxoa. Azkenean, Tahitin izan edo beste nonbait izan, garrantzitsuena Euskal Herritik urrun egotea izan da. Hemen askotan harrapatuta bizi gara: jarduerak, harreman sozialak, konpromisoak… Eta zaila da benetan zure sormen-prozesuan murgiltzea. Urrun egoteak aukera eman dit deskonektatzeko. Horrek eman dit denbora eta espazioa egun osoak sorkuntzan pasatzeko. Oso esperientzia goxoa izan da.

Diskoan instrumentu asko entzuten dira: kitarra, ukelelea, organoa… Eta dena zure eskuetatik pasata.

Bai. Egia esan, ni ez naiz musikari tekniko handia. Gitarra jotzen dut eta abestu egiten dut, eta kantak normalean hortik hasten dira: gitarretik eta ahotsetik. Baina azken urteetan ekoizpena gehiago lantzera ausartu naiz. Horrek aukera eman dit teklatuekin jolasteko, nahiz eta ez ditudan primeran jotzen. Bateriak ere nik programatu ditut askotan; gero landu eta nahastu ditut benetako bateria baten sentsazioa emateko. Azken finean, joko moduko bat izan da: alde batetik gauzak modu nahiko “zientifikoan” egitea, eta bestetik ahal bezain natural entzunaraztea.

Auto-Tunea erabiltzera ere ausartu zara.

Bai, kantu batean probatu nuen. Egia esan, beti iruditu izan zait interesgarria efektu hori, bereziki kantu tristeetan erabiltzeko. Ahotsa pixka bat deshumanizatzen du, baina horrek badu zerbait berezia. Hasieran Auto-Tunea tresna tekniko bat zen, notak zuzentzeko erabiltzen zena. Gero, perfekzioaren obsesioarekin, ahots guztiak perfektu nahi izan ditugu, eta kontrako efektua sortu da: efektua bera bilatzen hasi gara. Moden antzera doa. Orain oso presente dago, eta ikusiko dugu etorkizunean non kokatzen den. Nik uste dut beste musika tresna bat bezala geratuko dela, noizean behin erabilia izanen dena.

Disko honetan barnera begira jarri zarela ematen du.

Bai, sentimenduei buruzko diskoa da neurri handi batean. Edo hobeto esanda, sentimenduekin dugun harremanari buruzkoa. Nola kudeatzen ditugun emozioak: argiak eta ilunak, onak eta zailak. Azken finean, emozio guztiak onartu behar direla uste dut. Batzuk gozatzeko dira, beste batzuk askatzeko edo gainditzeko. Eta diskoaren jokoa pixka bat hori da.

Pasa den udan, Xak taldeko Paxkal Irigoienekin batera, belaontzi batean sartu eta Hendaiatik Pontevedraraino bira berezi bat eskaini zenuten. Zer nolako esperientzia izan zen?

Bai. Ideia hori duela urte asko sortu zen. Galizian konturatu ginen “Baiona” izeneko herri bat bazegoela han ere, eta txantxetan esaten genuen egunen batean Baionatik Baionara joanen ginela itsasontziz. Azkenik, pasa den urtean gauzatu zen. Paxkalek esperientzia pixka bat bazuen nabigazioan, eta lagun baten bidez kapitain bat eta belaontzi bat lortu zituen. Zazpi bat kontzertu antolatu genituen kostaldean zehar, eta lau lagun joan ginen bidaian. Esperientzia oso polita izan zen.

 

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Japonicus (@japonicus_rebel)

Zer harrera izan du zure disko berriak?

Oso ona. Diskoa abuztuaren bukaeran atera zen. Aurkezpen bira diseinatzerakoan, kontzertu txiki anitz egiteko hautua egin nuen, areto handietan kontzertu gutxi batzuk egin ordez. Urte eta erdi neraman kontzerturik eman gabe, eta faltan nuen. Irailean eta urrian 25 kontzertu eman nituen Euskal Herrian. Gero Japonian eta Tahitin ere aurkeztu nuen diskoa. Eta orain udaberrian bigarren fase batean nabil, beste hainbat kontzerturekin.

Bakarkako ibilbide hau luzerako ikusten duzu?

Ez dakit. Nik beti izan dut zalantza hori. Egia esan, askotan pentsatzen dut musika utzi behar dudala… baina gero hemen jarraitzen dut. Duela hogei urte Willis Drummondekin genbiltzala norbaitek esan balida hainbeste iraunen genuela, ez nukeen sinetsiko. Eta begira. Beraz, pausoz pauso noa. Gauzak egiteko gogoa eta plazera sentitzen dudan bitartean, segituko dut.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!