Entzutekoak

Maia Ansa: “Antzerkiaren bidez, hausnarketaz gain emozioak bizitzeko espazioa ireki nahi dugu”

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 27a

Nafarroako Pajaros Pintados konpainiaren Albura, sormen zukua proiektuak artea eta komunitatea lotzen ditu. Doluari, memoriari eta belaunaldiarteko harremanei buruzko tailerrak egiten dituzte, landa eremuko herrietan.

‘Albura, sormen zukua’ bitartekaritza artistikoko eta belaunaldiarteko proiektua da, eta Nafarroako landa eremuko herrietan ari dira garatzen Pajaros Pintados konpainiako kideak. Konpainiaren helburuetako bat artearen eta komunitatearen arteko loturak sortzea da. Honetarako bide ezberdinak daude eta beraiena antzerkia da. Maia Ansa aktorea eta proiektuaren antolatzaileak azaldu du antzerkiaren bidez hausnarketarako ez ezik, emozioak partekatzeko eta bizitzeko espazioak ireki nahi dituztela: “Kasu bakoitzean, espaziora eta pertsonetara moldatzen gara eta hor konpartitzen dena beti oso aberasgarria izaten da”.

‘Olaiaren lorategia’ antzezlana oinarri hartuta, dolua, galerak eta memoria lantzen dituzte herriz herri antolatzen dituzten tailer, solasaldi eta emanaldietan. Ansaren hitzetan, hasieran gaiak beldurra edo errefusa sortzen duen arren, gero parte-hartzaileek eskertzen dute: “Sumatzen dugu badagoela behar handia gai hauei tartea emateko”. Proiektuaren beste indarguneetako bat herri bakoitzera eta bertako errealitatera moldatzeko gaitasuna dela nabarmendu du, artearen eta komunitatearen arteko benetako konexioa sortuz.

Hurrengo tailerra Agoitzen egiteko lanean ari dira eta, irailetik aurrera, herri gehiagotara eramatea espero dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!