Ikustekoak

Exoeskeletoa: esklerosi anizkoitzadunen bizitza altxatzeko gailua

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 27a

Exoeskeleto berria erosteko kanpaina berezia abiatu dute Esklerosi Anizkoitzaren elkarteak. Txokolate salmentaren bitartez finantzatu nahi dute robot berria. Kattalin Armendariz fisioterapeuta, Vanesa Sarasola esklerosiduna eta zuzendaritzako kide Emaldi Ereño eta David Garnatxo izan ditugu ondoan.

Esklerosi Anizkoitzaren elkartean bideo-erreportajea egin dugu. Antsoainen dute egoitza nagusia. Bertan, gaixotasunak kaltetutako hainbat lagunei zerbitzu fisikoak eta psikologikoak eskaintzen dizkiete. Orain, exoeskeleto berria erostea erabaki dute. Pertsona bakoitzaren gorputzera lotzen den hezurdura da. Plastikoz, metalez eta uhalez osaturik dago. Bizkarrean, fisioterapeutak zuzentzen duen ordenagailu txiki bat daramate. Modu horretan, tente egon eta aurrera egiten dute.

Duela sei urte exoeskeleto bat eskuratu zutenetik, gaixotasuna duten pertsonen egunerokoan aldaketa sakona gertatu da: mugikortasunean ez ezik, autonomian, autoestimuan eta bizi-kalitatean aurrera egin baitute pazienteek. Orain, eskuratu zuten lehen gailua higatuta dagoenez, beste exoeskeleto bat erosteko kanpaina abiatu dute berriro, eta helburua 150.000 euro biltzea da.

Exoeskeletoaren erabilerak zirkulazioa hobetu ez ezik, muskuluen memoria aktibatu eta postura egonkortzen laguntzen du.

2020an iritsi zen lehen exoeskeletoa Nafarroara, eta Euskal Herriko lehenetarikoa izan zen. Garai hartan hamabi baino ez zeuden banatuta estatu mailan. Elkarteak sedentarismoa eta terapia pasiboak baztertu, eta mugimendua errehabilitazioaren erdigunean jartzeko apustu terapeutikoa egin zuen orduan. Izan ere, duela ez aspaldi, gaixo aunitzi atseden hartzea gomendatzen zitzaien. Horrek, ordea, isolamendua eta ezintasun sentsazioa handitzen zituen askotan.

Exoeskeletoak aukera hori irauli zuen. Gailuak gorputzaren mugimendua gidatzen du, ibileraren eredua berreraikiz eta erabiltzaileari zutik egoteko eta ibiltzeko aukera emanez. Elkartean ehun pertsona inguruk probatu dute dagoeneko, eta astean bitan egiten dituzte saioak: batean indar ariketak lantzen dituzte, eta bestean exoeskeletoarekin ibiltzen dira 30 minutuz.

Profesionalek azaldu dutenez, exoeskeletoaren erabilerak zirkulazioa hobetu ez ezik, muskuluen memoria aktibatu eta postura egonkortzen laguntzen du. Zenbait kasutan, gurpil-aulkian bizi diren pertsonak berriz zutik jartzea lortu dute. Horrek eragin emozional handia izan du erabiltzaileengan eta senideengan.

Erabiltzaileek eguneroko autonomia irabazi dute: etxe barruan hobeto mugitzea, dutxara bakarrik joatea edo altxatzeko segurtasun handiagoa sentitzea. Beste batzuek, berriz, gorputza berriz ezagutzeko aukera izan dute urte luzez galdutzat jotzen zituzten gaitasunak berreskuratuz. Elkarteko fisioterapeuten esanetan, urte hauetan erabiltzaile bakoitzak ematen duen pauso kopurua nabarmen handitu da, eta horrek erakusten du terapiak epe luzeko onurak dituela.

Lehen exoeskeletoa erdiesteko, elkarteak txokolate solidarioen kanpaina abiatu zuen, eta zinezko arrakasta bildu zuen: Nafarroa osoko 80 salmenta puntutan banatu zuten produktua, eta herritarren, enpresen eta erakundeen elkartasunari esker gailua erostea eta mantentzea lortu zuten. Horrenbestez, oraingo kanpainak bide bera hartu du. Martxoan abiatu zuten, eta jada, bi aste eskasean 15.000 txokolate baino gehiago saldu dituzte.

Elkartearen arabera, exoeskeletoak ez du soilik terapia bat ordezkatzen. Proiektuak ikusgarritasuna eman dio esklerosi anizkoitzari, komunitate sare berriak sortu ditu eta gaixotasunaren inguruko irudia ere aldatu du. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!