Jotas Oses. Egun on. Hasteko, nola zaudeten jakin nahi dugu.
Ongi. Oraindik gorputzak minduta ditugu eta nekatuta gaude, baina sikologikoki oso indartsu.
Bingen Zupiriak, Segurtasun sailburuak deitoratu egin du Ertzaintzaren jokaera, ardura hartu du eta ikertu eginen du jokaera bera, baina baita harrera egitera joan ziren herritarrena ere. Zer iruditu zaizkizue hitz horiek?
Pozten gara berak esaten duenean beregain hartuko duela gertatutakoa. Guk ulertzen duguna da bertan behera geratzen dela gure aurkako epaiketa. Behingoz onartzen du herriaren autoritateak elkartasunari harrera egiterako orduan ez zutela agindua bete ertzainek. Gaizki egin zutela onartzen du eta hori benetan espero dugu islatuko dela gauza ukigarrian.
Flotillan Israelgo armadak pistolaz egin zizuen eraso, Euskal Herrian Ertzaintzak borraz. Esanguratsua da hori.
Azkenean horrek erakusten du benetan dagoen elkarlana, ez bakarrik kolaborazioa. Ertzainek duten teknologia eta formakuntza sionisten eskuetan dago eta horrek bere eragina du. Zapuztu nahi izan dutena ez da pertsona zehatz batzuei egindako harrera, baizik Palestinarekiko dagoen elkartasuna. Elkartasun hori oso arriskutsua da beraientzat: haien negozio kriminalak jartzen dira kolokan. Negozio horiek pertsona zehatz batzuen eskuetan daude; enpresari errespetatuen esku, hain zuzen ere.
Segurtasun sailak ardura hartu du, Ertzaintzaren jarera ere deitoratu du. Probokazioak ere ikertuko dituela esan zuen. Halakorik izan zen?
Irudiek berez hitz egiten dute eta ez dugu deus gehiago gaineratzeko.
Merezi du borrokan segitzeak Palestinarekiko elkartasunak aurrera segi dezan?
Inongo zalantzarik gabe, bai. Honek ereakusten du zein punturaino Palestina askatu gabe gu geu ere ez garen aske izanen. Orain gainera sionistek Espainiako gobernuari leporatzen dio nola tratatu gaituzten: horrek erakusten du gure herria ere herri zapaldua dela. Europatik hitz hutsalak erabiltzen dituztenean sionismoari hitzez aurre egiteko ahazten dute gu ere preso gaudela haien estatu kapitalistetan. Harremanak mantendu egiten dituzte: ekonomikoak, kulturalak, kirol arlokoak... noizbehinka egiten dituzte keinuak haien aurpegiak zuritzeko, baina elkarlanean ari dira etengabe.
Flotillaren helburuetako batzuk bete gabe daude. Zein biderekin segitzeko asmoa duzue?
Guretzat garrantzitsua da Flotillaren arima Euskal Herrira ekartzea. Aurten ere lortu dugu Flotillaren ordezkaritza oso anitza izatea eta pertsona ezberdinen artean osatzea. Ikasi duguna da Monty Python egiteari uztea eta elkarrekin lan egitea ekintzak aurrera ateratzeko. Ekarpen hori ekarri nahi dugu gurera. Oso polita da ikustea, oso desberdinak izanik er egure artean, muturreko egoeretan ikustea nola babesten garen, bata bestearen gainean kolpatu ez dezaten albokoa. Horrek erakusten du non dagoen elkartasuna, non dagoen itxaropena eta non dagoen borrokatzeko gogoa eta grina- Bat egiten badugu gauza handiak egiteko gai izanen gara.