“Petrus me fecit” inskripzioak irekitzen duen misterio txiki batetik abiatu da Helena Bengoetxearen Petrus dokumentala. Iruñeatik 20 kilometrora dagoen, Izagaondoako bailarako, kapitel erromaniko batek memoriaz, despopulazioaz eta historiaren interpretazioaz hausnartzeko bidea eman dio zuzendariari.
Elkarrizketan, Joseba Lekuonaren harriarekin duen harremanaz, Simeón Hidalgoren erresistentzia kulturalaz eta bailaran ezagututako pertsona errealez aritu da. Baita dokumentalak sortu dizkion galderen inguruan ere: nor zen Petrus, zer dagoen historiaren atzean eta nola irudikatzen dugun iragana gaur egunetik.
Bengoetxeak defendatu du zinema aretoetan filmak ikustearen esperientzia kolektiboa ere, eta horrek aukera ematen duela gero ikusitakoa elkarrekin komentatzeko eta hausnartzeko. “Pantaila handian ikustean harria usaintzen duzula dirudi”.