“Hogeita zazpi urte neuzkan eta ez nuen inor hil. Ezagutzen nuen gauza bera esan ezin zezakeen jendea”. Horixe dio Garondoan eleberriko protagonistak, iraganaren eta etorkizunaren artean galduta, alderrai dabilen sasi-idazleak. Liburu arrakastatsu bat plazaratu ondoren, ez atzera ez aurrera dabil, azkeneko garaian bizileku izan duen Bartzelona atzean utzi eta Donostira itzultzea erabakitzen duenean. Gorka Bereziartua kazetariaren lehen eleberriak galdera interesgarriak proposatuko ditu: oroitu dezakegu gure burua, izan ginena fikzionatu gabe? Jakiten ote dugu inoiz nor garen?
Egileak hortxe kokatzen du eleberriaren gakoa: "Memoriarena bada gai klabe bat; nola oroitzen dugun eta zergatik gogoratzen diren gauza batzuk eta besteak ez... Bada hor oso misteriotsua eta interesgarria iruditzen zaidan zerbait. Zirragarria iruditzen zait, eta horren inguruko esplorazio moduko bat ere bada eleberria". Bere burua kontatzen saiatzen ari den protagonista, aldi berean, inguratzen duen testuinguru historikoaren metafora gisako bat izan daiteke. "2016-17 inguruan girotuta dago, hain zuzen Donostia Kultur Hiriburu izan zen urtean. Garai hartan hasi nintzen idazten, eta bazegoen zerbait giro hartan niri enkajatzen ez zidana. Fase historiko bat bukatu eta gizartea beste leku batera eraman behar dela uste dutenentzat beharrezkoa zen, eta ez dut kontrakoa esango, beharbada hala zen; baina testuinguru horretan norbanakoaren istorioak, hain kokatuta ez dauden pertsonen istorioak konplexuagoak direla".
Hala, Garondoan horixe ere izan daiteke, "testuinguru horretan beren kokapena aurkitzen ez duten pertsonen inguruko istorio bat". Izan ere, horrek "galdera deserosoago batzuk planteatzeko aukera" ematen duela azpimarratu du Bereziartuak. Belaunaldi zehatz baten esperientziatik edaten duen eleberriak, Aritz Galarraga editoreak egileari aditzera eman zion bezala, "iniziazio eleberri kutsua" ere ematen dio. "Hortik ere badu, neurri batean. Kontua da eleberri honetako pertsonaiek ezin dutela hori egin, ia 30ak ondo beteak dituztenean hasten direlako hau kontatzen, beraz hor eroriko batzuk jada eduki dituzte bizitzan. Beharbada, iniziazio nobela hautsi bat izan daiteke nobela hau deskribatzeko modu bat".
Nobela politiko bat ere bada Garondoan, izan ere, Euskal Herriko 2000ko hamardako giro politikoak pisu handia dauka eleberrian. Beti interesatu izan zaizkit nobelak zeinetan pertsonaien erabakiak txokatzen duten beren gainetik arrabola bat bezala pasatzen den historiarekin. Eta hauen kasua ere hala dela uste dut. Beharbada beste zerbait izan nahi zuten, baina baldintza historikoek eta politikoek ez zieten utzi". Euskal Herriko gatatazka politikoa bi leku nahiko desberdinetatik bizi izan dituzte eleberriko bi pertsonaia nagusiek. "Pertsonaia guztiekiko jarrera enpatikoa edukitzen pertsonaia guztiekiko, saiatzen ulertzen zergatik bakoitzak hartzen dituen hartzen dituen erabakiak, eta pertsonaiak ez epaitzen".