"Denok sentitzen dugu ongi egokitzeko eta maitatuak sentitzeko presioa, benetan nor garen aztertzen dugun bitartean. Hori dela eta, gure Máscaras antzerki eta musika antzezlana ispilu bat izatea nahi dugu borroka horiek zeharkatzen dituztenentzat". Halaxe azaldu du Xabi Hernandezek zein den larunbat honetan Burlatako Kultur Etxean aurkeztuko duen obraren funtsa. Máscaras. Historia de una drag-en, izan ere, bere identitatearen eraikuntza bidea erretratatzen du, zaurgarritasuna erakutsiz, bai, baina baita umoretik eta "mamarratxeotik" ere edaten duen musikal baten bitartez.
Ondoan izanen ditu bere musak ere, inguruan dituen bidelagunak: Maite Zazpe, Maria Galarza eta Arantxa Caminos. Beraiek azaldu moduan, ikuskizuna nagusiki Hernandezen esperientzia oinarritzen bada ere, honekin bat egin duten kideen esperientziekin osatu da. "Pertsonaia bakoitzak gure esperientzia propiotik eraiki ditugu, gauzak gehitzen joan gara, eta edonork bere burua islatuta ikusteko moduko antzezlan bat osatu dugu". Maskarak janztearena, draga eta trabestismoa bezalaxe, ez delako kolektibo zehatz batera mugatzen den kontua, denoi eragiten digun zerbait baizik.
Emanaldia LGTBIQ+fobiaren Nazioarteko Egunaren harira antolatu du Burlatako Udalak. Ikuskizuna herriko Kultur Etxean izanen da, 18:30ean, eta sarrera librea da lekuak bete arte.