Entzutekoak

Aitor Zandueta: "Orkoien eta euskara bereiziezinak dira"

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 13a

Orkoienen euskararen eguna ospatu berri dute. Ospatu bai, baina aldarrikatu eta salatu ere bai. Izan ere, herrian oldarraldia bizitzen ari dira. Eta hala ere, euskara eta euskal kultura bizirik daudela ospatu dute: "Euskararen kontrako oldarraldia Udala hauspotzen ari da, baina jakin behar du euskara beti egon dela herrian eta bereiziezinak direla", esan du Aitor Zandueta Orkoiengo Euskaltzaleak taldeko kideak. 

Maiatzaren 9an Orkoiengo Euskaltzaleek euskararen eguna antolatu zuten: "Euskara ospatu egin genuen, baina aldarrikatu eta egoera salatzeko ere baliatu genuen", esan du Aitor Zandueta Orkoiengo Euskaltzaleak taldeko kideak. Izan ere, udal gobernu berria izendatu zenetik 2023an euskara zokorat ubaino ez du egin: "Euskararen ordenantza murrriztaileago bilakatu du, udal aldizkaria erdara hutsean argitaratzen ari da, erakundeko mezuak gaztelania hutsez zabaltzen ditu, Auzalar ikastetxean ez dago eskola sustatzailerik, duela urte eta erdi euskara teknikaririk gabe gaude...", azaldu du. Euskalerria Irratian Aitor Zanduetari egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

Orkoiengo Euskaltzaleak taldeak igorritako mezua:

Euskararen Eguna ospatzen ari gara gaur Orkoien, Oltza Zendea eta Etxauribarreko euskaldun eta euskaltzaleok, urtez-urte egin izan dugun bezala euskara eta euskal kultura bizirik daudela ospatzeko, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko eta euskarak batzen gaituela erakusteko. Urte luze hauetan denetarik bizi izan dugu Euskararen Egunean: eguzkia zein euria, beroa zein hotza... eta, hala ere, gu hemen izan gara beti, dantzan, jolasean, hizketan, burugogor, gure hizkuntza eta gure kultura ospatzen. Aurten eguraldi petrala pairatzea egokitu zaigu. Ez hainbeste meteorologiaren aldetik, baizik eta azken boladan gure herrian euskarak bizi duen egoeragatik. Ez dira bi urte igaro Orkoiengo udalak hizkuntza-eskubideak murrizten dituen euskararen ordenantza berria onetsi zuenetik eta ondorioak nabarmenak dira jada. Euskarak gero eta presentzia txikiagoa du gure herrian: udalak sarritan gaztelania hutsean zabaltzen du informazioa; horren adibide dira udal aldizkaria eta sare sozialak. Ia ez dago euskarazko kultura jarduerarik eta euskara zein euskal kultura, elkarteek antolatutakoaz gain, jaietatik desagertu dira. Urte eta erdi daramagu euskara teknikaririk gabe eta urte erdia baino gehiago euskara profila duen berdintasun teknikaririk gabe, udaleko aginte taldeak ez baitu kontratazio berririk egin izan nahi plantilla organiko berria onartu arte. Bada, onartu egin dute, euskararen ezagutza eskatzen duten lanpostuak erdira murriztuz. D ereduko Auzalar ikastetxeko ikasle eta familiek ezin dute jaso gizarte-bazterketa prebenitzeko eta hezkuntza-inklusioa sustatzeko beharrezkoa den arreta, udalak kontratatutako eskola sustatzaileak ez baitu behar adinako euskara-mailarik. Bizikidetzak ere okerrera egin du: aurtengo inauterietan, ekitaldiak gaztelaniaz eta euskaraz egiteagatik, mehatxuak eta jazarpenak jasan genituen. Eta, tamalez, alkateak bizikidetzaren alde egin beharrean, jarrera horiek justifikatu eta hauspotu besterik ez du egin. Hasieran esan bezala, gaur badugu zer ospatu, baina baita zer salatu eta zer aldarrikatu ere. Aldarrikatu euskara eta Orkoien bereizezinak direla; euskara gure nortasun konplexu eta anitzaren zati garrantzitsu eta ukaezina dela. Ospatu, orain eta hemen egiten ari garen bezala, euskara bizibizirik dagoela, ikastetxeetan, kalean, etxeetan eta jaietan. Salatu, baita -edo bereziki- gaur bezalako ospakizunean ere, euskararen aurkako erasoak areagotu egin direla. Ekaitz, euri eta hodei ilunen aurrean, Euskararen Egunean hainbestetan egin izan dugun bezala, eraso hauen aurrean ez gaitezen etxean geratu: jantzi dezagun euskararen aterkia eta atera gaitezen kalera, euskaraz biziz eta euskarari bizia emanez. Erakutsi dezagun, eguraldia eguraldi, euskararen udaberria iritsi dela. Amaitu nahiko genuke esanez Orkoienen bizi dugun egoera ez dela kasu isolatua. Orain arte euskararen berreskurapenean emandako aurrerapausoak apalak izan dira eta kasu askotan, gure herrian bezala, atzerapausoak ematen ari dira. Hori dela eta, euskararen aurkako oldarraldi honi erantzun bateratua emateko, ekainaren 13an Iruñean ospatuko den Euskaltzaleon Martxan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!