Entzutekoak

Xanti Kiroga (REAS): "Ekonomia sozial eta solidarioari buruzko hausnarketa egin eta etorkizunera begira jarriko gara"

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 8a

REAS Nafarroak Iruñean antolatu du Ideariaren XVII. edizioa: ekonomia sozial eta solidarioaren bi urtean behin egiten den topaketa. Egitarau zabala prestatu dute astebururako eta aberastasunaren bidezko banaketari buruz hausnartzeko bidea izanen da. 16:30etan eginen dute hasierako ekitaldia Iturramako Civivox-en. 

REAS Nafarroak Iruñean antolatzen duen Ideariaren XVII. edizioari hasiera emanen zaio gaur. Idearia Ekonomia Sozial eta Solidarioaren bi urtez behin egiten den topaketa da, eta aurten Iruñean ospatuko da. Hasiera ekitaldi honetan Ma Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak eta Garbiñe Bueno Iruñeko Udalaren Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko eta Giza Baliabideetako Zinegotzi Ordezkariak hartuko dute parte REAS Red de Redes eta REAS Nafarroako Lugi Carinci eta Maria Arretxerekin batera. Asteburu osoan ospatuko den topaketan egitarau zabala izanen da. Bertan, mahai-inguru, tailer, hitzaldi eta aisialdiko jardueren bidez, aberastasunaren bidezko banaketari buruz hausnartuko dute, Ekonomia Solidarioaren Gutunaren sei printzipioetako bat. Horretarako, ekonomia sozial eta solidarioaren ordezkariak izango dira hainbat gai eta erakundetan adituak, aberastasunaren banaketaren eta justizia sozialaren ikuspegitik egunero lan egiten dutenak. Egitaraua 6 ardatzetan antolatzen da:

1. Desazkunderako Ekonomia Solidarioa, totum revolutum edo munduko logikoena?
2. Fiskalitatea, birbanaketa eta justizia soziala
3. Aberastasuna eskuratzeko arrakalak: genero, jatorri eta lurraldea
4. Kontsumo arduratsua: indibidualtasunetik kolektibora, pribilegiotik eskubidera
5. Publikoa hedatuz: Politika publikoen koprodukzioa ESStik
6. Beste lan politika: lana demokratizatu, aberastasuna birbanatu, bizitzak sostengatu

Arauak aldatzen: Aberastasunaren bidezko banaketa
Ekonomia Solidarioan aberastasuna komunitate batek epe labur, ertain eta luzean bere kideen beharrei erantzuteko duen gaitasuna baldintzatzen duten elementu material, sozial, kultural eta naturalen multzoa dela ulertzen dute. Horrela, bidezko sorkuntza, banaketa eta kontserbazioa bizitzaren erreprodukziorako eta iraunkortasunerako beharrezko estrategia kolektibo bihurtzen da. Horrek esan nahi du diruaren erabilera eta balioa zentzuberritu behar direla oinarri komunitarioko ekonomia erreal baterako tresna izateko. Honek, gizarte ekitatibo, inklusibo eta autonomoak eraikitzeko aukera emango du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!