Oker ez banaiz Estatu mailako deialdia egina dago. Zer eskatzen ari zarete?
Orokorrean bizi baldintza duinak izatea haur eskoletan. Ratioen jaitsiera eskatzen segitzen dugu. 2022an egindako grebak ekarri zituen zenbait hobekuntza egon dira, baina ez dira nahikoak.
Zer nolakoak dira ratioak gaur egun?
Ez da mugitu 2022az geroztik, araudia ez da aldatu. Errefortzu langileak jarri dituzte, ez guk eskatzen dugun bikote-hezitzailera iristeko adina. Errefortzu langileak hezkuntzak atera duen formula da: gehienak oso prekarioak dira 800 euroren truke lau orduko lanaldiak. Horrekin hautsi nahi dugu, jardunaldi osoko bikote-hezitzailearena.
Zuen protesta horien harira zabaltzen ari zareten mezuen artean, nabarmendu nahi dut bat: ardurarena. Ez dakit jendea ohartzen ote den zenbaterainokoa den hezitzaileena. Hitz egiten ari garelako lau hilabete dituzten haurren eta hiru urte artekoez.
Hori da. Azkenean nahiz eta Nafarroako araudiak eta LOMLOEak lehen zikloari hezkuntza aitortza ematen dion, praktikan ez da betetzen ari. Ardura guztia zerbitzua sostengatzen dugunon gainean uzten da. Irakasle lanak egiten ditugun heinean hezkuntzak ez digu aitortza hori egiten, laguntzaile gaituzte. Ez dute aintzat hartzen soldatetan eta lan baldintzetan gure ardura hori, zikloa sostengatzen dugunona.
Gaur egitarau oparoa duzue: 10etatik hasi eta arratsaldeko manifestaziora arte.
Bi ordura egonen dira ekintzak Iruñean eta herrietan. Haur eskolak mugitzen ari dira. 10:00etan langileen arteko lehen topaketa izanen dugu. 12:00etan elkarretaratzea izanen dugu Hezkuntza Departamentuaren aurrean. 14:00etan bazkaldu eginen dugu Gazteluko plazan eta 16:00etan omenaldi txikia eginen diegu 1951an greba abiatu zuten emakumeei eta 18:00etan manifestazioa eginen dugu familiekin batera.