Entzutekoak

Ivan Gimenez: "Kazetaritza zerbitzu publiko izan dadin lan egiten ari da Nazioarteko Federazioa"

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 6a

Herenegun hasi zen Parisen Kazetarien Nazioarteko Kongresua. 32. kongresua da eta 78 herrialdetako partaideak elkartzen ari da. Kazetarien Federazioaren 100. urteurrena ere bada eta bide horri begira jarriko dira etorkizunaz ere mintzatzeko. Kazetaritza eta sindikalismo borrokalari baten aldeko mezuak helarazten ari dira. 

Ehun urte bete ditu Kazetarien Nazioarteko Federazioak eta 300dik gora ordezkari bilduak daude Parisen urteurrena ospatu eta egungo eta etorkizuneko erronkez hitz egiteko. 78 herrialdetako komunikabide eta sindikatuetako ordezkariak gehienak, iragana, oraina eta etorkizuna aztertuko dute kazetaritzaren ikuspegitik. Federazioaren barne-organoetako zuzendaritzak berritzeko ere baliatuko dute nazioarteko 32. kongresua. Ivan Gimenez ELA sindikatuko kide eta kazetaria dabil kongresuan parte hartzen. Harekin hitz egin du Euskalerria Irratiak (elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke): 

Lau egunez ariko zarete kongresuan. Zertarako izanen da baliagarri?

Hasteko, Federazioaren mendeurrena ospatzeko, duela ehun urte sortu baitzen Parisen. Izaera bera ospatzen ari gara. Federazioaren ordezkariak berritu behar dira eta hainbat gai mahai gainean jarriko dira. Mozio interesgarriak ere bideratuko dira.

Zer nolako lana egiten du Kazetarien Nazioarteko Federazioak?

Batez ere, mozioen bidez ikusaraziko da haren lana. Palestinako kazetariekiko elkartasuna adieraziko da eta Israeli exijentzia bat: geldi ditzan erasoak, geldi dezala genozidioa. Palestinan egin duena kazetarizidioa izan delako. Palestinako ordezkariak ere bilduta daude kongresuan eta babes hori helaraziko zaie. Adimen artifizialaz ere mintzatuko gara. Akordioa eginen da adimen artifizialaren erabilera zehazteko eta adosteko enpresa eta herrialde guztietan. Batez ere kazetarien lana babestu eta emakumeen aurkako erasoak salatzeko: teknologiaren bidez egiten direnak, bereziki. 

300 ordezkari baino gehiago bilduak zarete. Guretik, zer nolako aportazioa eginen da eta zer eskaera?

Parisen ELA sindikatuaren ordezkari nago. Komunikabideen langileen afiliatuak gaude. Kazetaritza zerbitzu publiko bezala ikustea eta hori indartzea bilatzen ari gara. Talde handien boterea murrizteko bideak ere aztertuko dira. Zuriana Lainez aurkeztuko da idazkari nagusi, eta interesgarria izan daiteke berak proposatzen duena. Hego Ameriketako hautagaia da lehen aldiz, emakumea eta kazetaritza ondare publiko defendatzen duena. Berak dio, badaudela negoziagarriak ez diren printzipioak daudela. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!