LAB sindikatuak Euskal Herriko zenbait txokotan ezarri zuen sindikatuaren historia laburbiltzen zuen erakusketa, tartean baita Nafarroako Parlamentuko sarreran ere. Tuteran ere hala egiteko asmoa zuen; zehazki, iazko urriaren 1etik 10era bitarte La Rua gizarte etxean egon behar zen ikusgai. Udal gobernuak, baina, hilaren 4an erabaki zuen erakusketa hura behin-behinean ixtea eta zigor espediente bat irekitzea, udal araudiaren kontrakoa zela iritzita. Zehazki, adierazi zuten euskal presoei egiten zitzaizkien erreferentziak "terrorismoaren gorazarre" gisa jo zitezkeela. Hala, urriaren 6an LABi jakinarazi zioten aretoa ez zutela erabilgarri izanen, eta, hala, erakusketa ixtera behartu zuten. Administrazio auzitegiaren arabera, baina, udal gobernuak "babes juridikorik" gabe hartu zuen erabakia. Sindikatuak jakinarazi du Tuterako herritarrek erakusketa ikusteko aukera izanen dutela. Tuterako alkate Alejandro Toqueroren dimisioa galdegin du LABek.