Helmuga batera iritsi behar garela erakutsi digute, denak baduela helburu moduko bat baina, batzuetan bidea bera da helmuga. Eta kantuak, soilik kantu, pretentsiorik gabeko artefaktuak, unean unekoa islatzen dutenak. Honen bueltan hausnartu du Gartxotek bere lehenengo bakarkako diskoan Bizirik gaude izendatu duen horretan. Amaia Miranda musikaria izan du alboan sorkutza eta grabaketa prozesuan, eta horrek kantuak bere soiltasun osora eramaten lagundu du. Izan ere, gorputzak eskatzen zion zerbait izan da disko honen sorkuntza: "Bizitzak berak eraman nau disko hau ateratzera. Azken bi-hiru urteetan, batez ere garai batean oso lehentasun ziren talde dinamika asko pixka bat otzandu ziren, arrazoi askorengatik", azaldu du. "Une batean, sentitu nuen produkzio lehenetsi beharrean ahalik eta xumeen sortzea eskatzen zidala gorputzak".
Ostiral honetan Labako oholtzan egonen da Gartxot, bere azken urteetako "argazki bilduma bat" bezala definitu duen lehenengo diskoko abestiak jendaurrean aurkezten. "Oso oso harro nago emaitzarekin, nire bizipenen kronika moduko bat da eta badu zerbait biluztetik ere". Arratsaldeko 20:00etan izanen da emanaldia. Ez da bakarrik egonen, ondoan izanen baitu Garazi Esnaola teklista ere.