Entzutekoak

Edurne Turrillas: “Langile mugimenduan emakumeak subjektu politikoak izan dira, ez laguntzaile soilak”

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 28a

Maiatzaren 1aren harira, Edurne Turrillas historialariarekin emakumeen lanaz, zaintzaz eta ikusezintasunez aritu gara, iragana eta gaur egungo errealitatea lotuz.

Langileen Nazioarteko Egunaren atarian, emakumeek langile mugimenduan izan duten papera ekarri dugu erdigunera, Edurne Turrillas historialariarekin. Bere esanetan, emakume langileen memoria berreskuratzea gaur egungo borrokaren parte da: “Ez dira laguntzaile hutsak izan, subjektu politikoak baizik. Gaur egun ditugun lan baldintzak eta eskubide asko emakume horien borrokari esker lortu dira”.

Zaintza lanek historian zehar eta gaur egun duten garrantzia azpimarratu du. Lehen etxe barruan eta dohainik egiten zen lana gaur egun merkatura atera bada ere, emakumeek jarraitzen dute zama nagusia bere gain hartzen. Gainera, kasu askotan, emakume migranteak sufritzen dute lan esparru horren baldintza prekarioak. Amatasunak eta zaintza ardurek emakumeen ibilbide profesionalean duten eragina ere nabarmendu du: “Ama direnean askotan militantzia edo lan ibilbidea alde batera utzi behar dute eta, horrek, ondorioak ditu garapen profesionalean eta pentsioetan”. Zaintza lana, gainera, oraindik ere ikusezina da neurri handi batean.

Turrillasek dio hobekuntza legalak egon direla, baina arazoaren oinarria ez dela desagertu: “Egiturazko arazo bat da. Formak aldatu dira, baina zama emakumeen gain jarraitzen du”. Horregatik, zaintza lana aitortzea, lanaren definizioa zabaltzea eta ardura hori gizarte osoaren eta instituzioen artean banatzea beharrezkotzat jo du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!