Gabrielle Vincent idazlea ezagutu dugu gaurko Trikuaren zuhaitza atalean. Haur literaturako idazle eta ilustratzaile belgikarra ezizen horrekin aurkeztu zen, nahiz eta bere benetako izena Monique Martin (1928-2000) izan. Bere lan ezagunenen artean hartz baten eta sagu baten arteko adiskidetasunari buruzko liburu saila dago, Ernesto eta Zelestina. Istorio hauek, Samira Calvok nabarmendu bezala, zinemara ere eraman izan dira. Marrazki soil eta adierazkorrak, askotan akuarelaren teknika erabiltzen zuen bere lanetan. Euskaraz ere irakurri daitezke bere liburuetako batzuk, Pamiela argitaletxeak Kalandraka zigiluaren bidez plazaratu dituenak.
“Heldu askok ipuin bukaerako irakaspena faltan sumatzen duten arren”, nabarmendu du Samirak, “hain zuzen ere hori du nabarmentzekoa. Ez duela irakaspen borobilik egiten, irakurleari hausnartzeko eta galderak egiteko abagunea eskaintzen diola”. Marrazkiek hartzen dute protagonismoa Vincenten liburuetan, eta testuek hauen osagarri dira. “Horrek ahalbidetzen du adin desberdinetako haurren irakurketa, oraindik testuak irakurtzen jakin gabe ere gozatu dezaketelako liburu hauetaz”.